Berrikuntzaz beterik datoz aurtengo Santa Marinako jaiak. Izan ere, Santa Marinako Komisiñue sortu du hango gazte talde batek, eta ukitu berezi batekin osatu dute egitaraua. "Orain arte laguntzaile moduan aritu izan gara, baina gauza batzuk ez zitzaizkigun askorik gustatzen. Orain, gure modura antolatu ditugu jaiak. Gazteentzako ekintza gehiago antolatu ditugu, herritar guztiek gozatu dezaten, ez nagusiek bakarrik. Haurrendako puzgarriak eta beste zenbait ekintza ere egongo dira", adierazi dute.
Asier Bilbao transformistaren emanaldia azpimarratu gura izan dute, bereziki. "Komedia ikuskizun bat da, publikoarekin nolabaiteko harremana sortzen duena, eta musika ere erabiltzen du", diote.
Nabarmentzeko beste ekintza bat Krossko taldeak eskainiko duen Disko Mobil dantzaldia izango da. "Lehenik, ilunkeran, haurrei zuzendutako emanaldia izango da, monitore batekin, eta ondoren, gauean, nagusiagoei zuzenduta. Berezia da, guk ez dugu hemen halakorik ikusi".
Berrikuntzetako bat patatatortilla lehiaketa izango da, orain arte Santa Marinako jaietan egin ez dutena. Lehenengo hiru sailkatuek saria eramango dute, baina ez dute aurreratu nahi izan ze sari izango diren: "Sorpresa moduan utziko dugu hori".
Gerturatzeko deia
Komisiñuek jaietara gerturatzeko dei egin gura izan die herritar guztiei. "Ekintza berriak egongo dira, eta merezi du hauetaz gozatzea. Gainera, jendearen eskakizunei kasu eginda, aurten berriro jarri dugu txosna. Espero dugu zuen gustuko egitaraua izango dela. Beraz, hurbildu beldurrik gabe eta disfrutatu Santa Marinako jaiak".