Pozik jaso dute Singular Dendak ziurtagiria Arrasateko Belunek, Olgetak, Resusta Karrikirik eta Sikol Lentzeriak. Euren dendetan "bezero misteriotsuen" bisitak jaso ostean, azaroan zehar, eguerditan, bai Arrasaten eta baita Oñatin ere, adituekin askotariko gaiei buruzko jardunaldiak izan dituzte.
Gero, denda bakoitzera adituak joan zitzaizkien zein aldaketa edo hobekuntza egin ahal izango lituzketen jakinarazteko. Eta hortik denbora batera, hobekuntzak egin direla aztertu ostean jaso dituzte ziurtagiriak Arrasateko lau denda horiek ere.
Momentuz, 105 komertziotan
Gaur egun Gipuzkoan 105 komertziok jaso dute Singular Dendak-en ziurtagiria. Merkatarien Federazioaren helburua da urtea bukatu aurretik 200 izatea horiek.
Momentuz, Arrasaten ere proiektuarekiko interesa azaldu duten, baina ziurtagiririk oraindik jaso ez duten beste komertzioek lanean jarraituko dute, azaroan ziurtagiri gehiago banatzeko asmoa daukatelako federaziokoek.