'Spaghetti western'-eko izarren pausoen atzetik

Miren Arregi Amasorrain 2018ko uzt. 11a, 11:26

Arrasateko La Banda Del Abuelo hirukoteak bere azken diskoko 'Mailua' abestiaren bideoklipa grabatu du, Sergio Leoneren 'Il buono, il brutto, il cattivo' filmeko sekuentzia ezagunena grabatu zen Burgosko Sad Hill hilerrian. 

1966an Sergio Leone italiar zinemagileak zuzendutako Il buono, il brutto, il cattivo (Zintzoa, gaiztoa eta zatarra) filmak eszena mitikorik badu, hori filmaren bukaerakoa da, Clint Eastwood-en, Lee Van Cleef-en eta Eli Wallach-en arteko duelu famatuak ezagun egin zuen hilerri berezian gertatzen dena. Hogei minutuko eszena da, Ennio Morricone zinemako musikagile handiaren musikak laguntzen du eta The Ecstasy of gold pieza ospetsu eta entzutetsuak toki hori mitiko bihurtzen du. Hilerri hori ez dago Almerian, askok pentsatuko luketen moduan, baizik eta Burgosen, Arlanza eskualdean, Santo Domingo de Silos herrian, hain zuzen ere, eta Sad Hill izenez da ezaguna. 

Jarraitzaile arrasatearrak

Il buono, il brutto, il cattivo filmak jarraitzaile asko ditu eta horien artean daude Arrasateko La Banda Del Abuelo taldeko kideak. Hala, 2017ko bukaeran kaleratu zuten Rockanrolla mailu bat da diskoko Mailua kantaren bideoklipa grabatzeko, spaghetti western film ezagunenetakoa grabatu zen Sad Hill hilerrira egin dute. Han, Sergio Leoneren filmeko hirukote ospetsua ordezkatuz, bideoklipeko cowboy bilakatu dira David Clemente, Oskar Loiti eta Josu Arteaga. 

Filmaren eta bideokliparen arteko loturez galdetuta, Arteagak dio filmari dioten "miresmena islatuko dela bideoklipean". Eta erantsi du: "Ennio Morricone izen potoloa da, gureak ez du haren musikarekin zerikusirik, baina Sarrionandiaren, Gabriel Arestiren eta Laboaren bertsoak sartu ditugu Mailua kantuan; oso gustura gaude emaitzarekin".

Sentsazio itzela

Arrasateko hirukotearentzat ez da lehen aldia hilerrian: "Duela hogei bat urte ezagutu genuen, oso egoera eskasean zegoenean", diote –egun, Sad Hill Kultur Elkarteak egindako lanari esker, asko hobetu da egoera–. "Clint Eastwoodek, Eli Wallachek eta Lee Van Cleefek zapaldu zuten hilerri bera zapaltzea sentsazio itzela da", gehitu dute. Bideoklipak 1960ko hamarkadako kutsua du, eta dagoeneko kalean da. Rockanrolla mailu bat da CD-liburua argitaratu zuen Madrilgo Desacorde argitaletxeak egin du muntaia.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak