Elorrioko alkate Idoia Buruaga, Arrasateko alkate Maria Ubarretxena eta Jose Angel Mikeo Angiozar bailarako alkatea izan dira aurkezpen ekitaldian. Horiez gain, Elorrioko kultura zinegotzi Maitane Lopez eta Arrasateko kultura zinegotzi Juan Ramon Mendieta ere izan dira Kanpanzarren.
Harremanak mantentzea da helburua
Azaldu dute aurrerantzean Kanpanzar Eguna uztaileko bigarren zapatuan ospatuko dutela. "Konturatu gara gero eta jende gutxiago etortzen dela, nahiz eta urtez urte ekintza gehiago antolatu", dio Buruagak; eta, gaineratu du: "Ez genuen nahi egun hau desagertzea. Urtean behin bakarrik izan arren, hiru udalerriak elkartzeko eguna izatean da. Bata bestearen ondoan gaude, eta urtean zehar harremanik izan ez arren, egun hau mantentzea nahi genuen".
Hiru udalerrien arteko mugak
Hori horrela, Mugarrien ibilbidea egingo dute, 12:00etan: "Polita izaten da ibilbidea, aukera ematen duelako ikusteko udalerri bakoitza nola sartzen den beste aldean; Elorrio Debagoienean nola sartzen den, eta baita alderantziz ere, adibidez", azaldu du Mikeok.
Egitaraua
Aurtengo egitaraua izango da:
- Kanpanzarrerako igoera Arrasatetik eta Elorriotik.
- 12:00etan, taberna ondotik abiatuta Mugarrien ibilbidea.
- 12:30ean, trikitilariak.
- 14:30ean, bazkaria (bakoitzak bere eraman).
- 15:30ean, Gauargi taldearen dantzaldia.
- 16:30ean, Doke txapelketa.