Giza eskubideen alorrean lanean ari diren euskal elkarteetako ordezkariak, sindikalistak, politikariak, mugimendu feministetako kideak eta zenbait kazetari joan dira Sodepaz GKEari esker, eta hainbat bilera izango dituzte ekainaren 27a bitartean. Egoera okerrenean dauden herritarrei beharrezkoa duten osasun arreta ziurtatzen dieten taldeen lana ezagutuko dutela jakinarazi dute. Laguntza legala ematen dutenekin ere elkartuko dira, preso politiko palestinarren eskubideen defentsan aritzen direnen eta emakume palestinar talde desberdinek egiten duten lanaren gainean jardungo dute. Hala, Belen, Jerusalem Ekialdea, Ramallah eta Hebron bisitatuko ditu taldeak.
Belengo alkatearekin
Lehenengo bilera Belengo alkatearekin izan dute. Belenek urtero bataz beste milioi bat turisten bisita jasotzen dituen hiria izanik, bertako biztanleek eta erakundeek dituzten erronken berri eman die Anto Salmanek. Cisjordanian palestinarrek egunero bizi duten egoera desberdinek, hesiak ezarritako baldintzak, ur eskasiak, kolonoen asentamentu ilegalek udalaren kudeaketan sortzen dituzten arazo eta zailtasunak azaldu dizkie.
Jerusalemen Estatu Batuen enbaxadaren irekierak herritarrengan izan duen eragina ezagutzeko aukera izan dute, giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeen eskutik. Besteak beste JLAC, palestinarrei euren eskubideen defentsan laguntza legala ematen dien erakundearekin elkartu dira. Bertako legelariek azaldu diete gero eta gogorragoak direla Israelgo gobernuak palestinarrei Jersualemen bizi izateko ezartzen dizkieten baldintzak.
Euskal taldea
Lurralde okupatutan dabiltzan taldeko kideak honako hauek dira: CEAR-Euskadiko zuzendaria, Patricia Barcena, Foro Sozialeko Agus Hernan, Donostiako EH Bilduko Olaia Duarte zinegotzia, CCOOeko Esther Piñeiro, Gipuzkoako Ongi Etorri errefuxiatuakeko Maite Santamaria, Arrasateko Irabazi taldeko zinegotzia Juan Luis Merino, eta Maria Angeles Santamaria, Iñaki Makazaga eta Aintzane Bolinaga kazetariak.