Aprendices Eskolaren gaineko erakusketa harrera beroa izaten ari da

Miren Arregi Amasorrain 2018ko eka. 22a, 12:06

Ekainaren 29ra arte egongo da zabalik, Kulturaten, Aprendices Eskolaren gaineko erakusketa. Orain arte, 2.000 lagun inguru joan dira hori ikustera eta Arrasate Zientzia Elkarteko kideak pozik dira, asko dira-eta herritarrengandik jaso dituzten zorion berbak

Datorren egubakoitzera arte, ekainaren 29ra arte, egongo da ikusgai Arrasate Zientzia Elkarteak Aprendices Eskolaren gainean Kulturaten ipini duen erakusketa. Ekaineko lehen egunarekin batera zabaldu zuten hori eta ordutik hona, 2.000 lagun inguru joan dira han jasotakoak ikustera. Kopuruarekin oso pozik daude Arrasate Zientzia Elkarteko kideak, bai eta ikusleengandik jaso dituzten zorion mezuekin ere. "Jendeak kalean gelditu egiten gaitu zorionak emateko. Batzuk hunkituta ere etorri zaizkigu. Aprendices Eskolarekin lotura duen jendea da, bereziki, han ibilitakoen senitarteko eta lagunak". Ez hori bakarrik, erakusketak balio izan baitie Aprendices Eskolaren gaineko argazki eta bitxikeria gehiago batzeko. Bisitariak nondik joan diren galdetuta, diote gehienak Arrasatekoak badira ere, joan direla Debagoieneko beste herri batzuetatik ere. Hala, erakusketa sortzen ari den ikusminarekin oso pozik daudela nabarmendu dute: "Pozik gelditu gara oso, hasiera batean pentsatu genuen-eta oso gai monografikoa izanik, agian, ez zukeela horrelako harrerarik izango. Espero genuena baino askoz harrera hobea izan du", dio Xabier Bengoak. 

Oraindik ere ikusgai

Esan moduan, datorren egubakoitzera arte egongo da erakusketa ikusteko aukera, arratsaldez, 17:30etik 20:30era. Hilaren 23an, San Juan bezperan, itxita egongo da.

Erakusketaren helburua da Aprendices Eskola bera eta 33 urtez Zerrajerako eskola moduan funtzionatu zuen eraikinean egindako lana balioan ipintzea. Hala, irakasleen, ikasleen eta eraikinaren argazki zahar asko ipini dituzte erakusgai, baita musikarekin eta kirolarekin lotutakoak ere. Herritarren laguntzarekin osatu dute hori. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak