Udaleko enpresa batzordea: "Gobernuak ez du lan hitzarmena berritzeko borondaterik"

Xabi Gorostidi 2018ko eka. 21a, 12:27

Euren esanetan, 2016ko udan akordio partzial bat lortu zuten gobernuarekin hainbat gairi buruz, eta falta zirenak 2018an negoziatzea ere jasotzen zen bertan. Aurten negoziazio mahaia biltzeko bi eskari egin dituztela jakinarazi dute, baina ez dutela gobernuaren partez "inongo erantzunik jaso".

Hona hemen Arrasateko Udaleko enpresa batzordeak komunikabideetara helarazitako oharra, bere osotasunean:

"2015ean egungo udal gobernuarekin lan baldintzak negoziatzeko prozesua hasi genuen. Negoziazio dinamika eta edukiak zeintzuk izango ziren zehaztu ondoren, 2016ko uztailean akordio partzial bat sinatu genuen mahai gainean zeuden gai batzuen inguruko adostasuna lortu ondoren, eta, oraindik itxi barik zeuden hainbat gai jorratzen jarraitzeko asmoarekin.

Akordio horretan, besteak beste, jasotzen zen 2018an berriro ere egoera aztertzeko negoziazio mahaia deituko zela. Hainbat hilabete zain egon ondoren, enpresa komiteak birritan eskatu dio udal gobernuari berriro deitzea, baina ez dugu inongo erantzunik jaso. Gainera, azken hilabeteetan ikusi dugu negoziatzeko zeuden gai horietako batzuk pertsonal batzordera bideratu dituztela, negoziazio mahaia edukiz hustuz.

Honetaz gain, apirilean, EUDELek udal guztietara bidali zuen eskutitz bat eskatuz negoziazio mahaiak berriro irekitzeko, gutxienez, sinatuta dagoen azken Udalhitz hitzarmena betetzen ari dela egiaztatzeko, eta hala ez balitz, dagozkien neurriak hartzeko. Udal gobernua prest agertu izan da orain arte EUDELetik etor daitezkeen proposamenak betetzeko, baina oraingoan ez daukagu honen inguruko berririk. Egoera honen aurrean, Enpresa Komitetik salatu nahi dugu udal gobernuak ez daukala borondaterik langileon lan baldintzak zehaztuko dituen negoziazioari berrekiteko, eta beste behin eskatzen diogu negoziazio mahaia deitu dezala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak