Pilota ikuskizun ederra Debarro Txapelketako finaletan

Josu Bilbao Atxutegi 2018ko eka. 16a, 20:23

Kadete eta gazte mailako norgehiagokak ikusgarriak izan dira. Kadete mailan, Aretxabaletako Amets Eraña eta Unax Igartua izan dira txapeldunak; gazte mailan, Bergarako Markel Gartzia eta Ander Etxaniz nagusitu dira, eta senior mailan, Soraluzeko Aitor Atxotegi eta Ibai Bolinaga.

Pilota jaialdi zoragarria bizi izan dute Uarkapen bildu diren 60 bat lagunek. Debarro Txapelketako finalak jokatu dira, hain zuzen ere, eta gazte eta junior mailakoak benetan emozioz beteak izan dira.

Kadete mailan, Aretxabaletako Amets Erañak eta Unax Igartuak Aloña Mendiko Mikel Ugarte eta Xabier Jauregi izan dituzte aurrean. Partida oso parekatua izan da, eta azken emaitza 22-19ko izan da aretxabaletakoen alde.

Gazte mailan, arratsaldeko partidarik ederrena jokatu da. Markel Gartzia eta Ander Etxaniz bergararrek aldea erraz hartu dute markagailuan, baina Aloña Mendiko Ibon eta Iñigo Perezek sekulako erantzuna eman dute, eta 21-21ekoa jarri dute markagailuan. Bergarako bikoteari asko kostatu zaio norgehiagoka ixtea, baina azkenean, Gartziak eta Etxanizek jantzi dituzte txapelak.

Senior mailako partidak ia ez du kolorerik izan. Soraluzeko bikotea, Aitor Atxotegi-Ibai Bolinaga, indartsu zetorren partidara, eta euren nagusitasuna aise sumatu da kantxan. Bergarako Eneko Muguruzak eta Harri Oterminek ez dute zorterik izan, ezin izan dute euren maila erakutsi, eta azken markagailua 22-6koa izan da Uarkapen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak