Pedro Biteri filantropo arrasatearra aberats egin zen Amerikan meatzaritza negozioei esker. Baina pilatutako dirua sorterrian inbertitu zuen, nagusiki, eta haren aginduz eraiki ziren Biteriko Eskolak, Zaldibarko frontoia, Seber Altube plazako azoka-merkatua eta Zaldibarko dantza kioskoa. Jakintza eta hezkuntza hedatzea zen Biteriren helburu nagusietako bat, eta eskola martxan jarri izanak asko lagundu zuen arrasatearren hezkuntza maila hobetzen.
AZEren eskaria
Arrasate Zientzia Elkarteko kideek duela bizpahiru urte eskatu zuten Biteriren omenezko estatua lekuz aldatzea. "Gure ustez, haren omenezko monumentuaren kokapena ez da egokia. Batez ere, ez datorrelako bat Biterik herriari egin dion ekarpen mailarekin. Hala, dagokion lekura aldatzea eskatu genuen; bere izena duen kalera, eta toki ikusgarriago batera".
Lehen saiakera, duela 10 urte
2008an, Biteriren heriotzaren mendeurrenean, lehen saiakera bat egin zen estatua lekuz aldatzeko. Ekimen haren bultzatzaile izan ziren Iñigo Arregi, Jose Mari Velez de Mendizabal eta Jose Maria Altuna, besteak beste, baina orduko Udal Gobernuak ez zuen lekualdatzea egin.
Kokaleku berria, ez oso urrun
Grupo San Juango Alfontso X Jakintsua plazatik Biteri etorbidera aldatuko dute. Irudiko belardiaren hasieran jartzea da AZEkoen nahia. "Estatua Biteriko Eskoletara begira jartzea nahi dugu, belardiaren hasieran, Monte taberna dagoen tokirantz begira".
Hirugarren kokalekua
Pedro Biteriren izena daramaten kaleak daude Arrasaten, Errenterian, Hernanin, Hondarribian eta Pasaian, eta Mondragon Unibertsitateko ikasle egoitzak ere haren izena du. Arrasaten, kaleaz gain, haren omenezko estatua ere jarri zuten. Lehenik eta behin, 1911n hark eraikitako eskoletako belardian kokatu zuten –gaur egungo Biteri plazan–.
Baina 1974an, BBVA gainean dagoen etxe-orratza eraikitzen hasi zirenean, Alfontso X Jakintsua plazara lekualdatu zuten. "Garibaiko eskolak bota behar izan zituzten etxe-orratza eraikitzeko, eta, hain zuzen ere, Biteriren estatua lekuz aldatu zuten", azaldu dute AZEko kideek. Hala, hirugarren kokapen aldaketaren atarian dago Pedro Biteriren omenezko monumentua.