Goienak jasotako gutuna
"BERRIZ ERRE DUGU UDALETXEKO ESPAINIAR BANDERA ETA GEHIAGOTAN ERREKO DUGU
Bart gauean, berriro, Arrasateko hainbat herritarrek udaletxeko espainiar bandera erre genuen eta eusten zuen masta hondatu genuen. Horrez gain, zenbait margoketa egin genuen ikur arrotz hori gure herriko udaletxean egotearen kontra. Noski, goizerako berriro jarrita zegoen, masta berri eta guzti.
Aste txarra izan da azken hau Euskal Herrirako. Batetik, Altsasuko gazteen aurkako epaia eta atxiloketak ikusi ditugu, euskaldunoi espainiar okupazio indarren ukiezintasuna irakasteko eginak. PNVk, beti bezala, bere paper legitimatzailea bete du, Jaurlaritzako bozeramale den Ercorecaren eskutik "Epaiak errespetatzen ditugu, ados ez dagoenak errekurritu dezala". Lotsa eta amorrua. Beraien herriaren borrero dira, dirua maneiatzearen truke. Arrasaten ere, Maria Ubarretxenak gauza bera egiten du, zintzo-zintzo, dagokion neurrian: bandera goiza argitu orduko ipini, margoketak ezabatu, eta hemen ez da ezer gertatzen. Eta ildo beretik dihardu pankartak kentzen, kartelak hormetatik erauzten, herri mugimenduaren adierazpenak ahalik eta gehien oztopatzen.
Bestetik, udal gobernua PNVrekin partekatzen duen PSOEren aldetik ere, ez da aste makala izan. Isabel Celaa, euskararen aurkako hezkuntza sailburu izan zena, 2009-2012ko PSEren gobernu antidemokratikoan, orain Hezkuntza ministro izango da Espainian, eta Grande-Marlasca epaile torturatzaile ospetsua, Justizia ministro. Estatuak badaki bere txakurrak saritzen.
Baina jakin dezatela, Euskal Herriko herri mugimenduak eta askapen borrokak aurrera jarraituko dutela, besteak beste, gure zapalkuntza gogorarazten duen espainiar bandera kentzen eta kiskaltzen, behar den guztietan. Ez dugu utziko injustiziaren ikurrak normalizatu daitezen. Aurrean izango gaituzte.
IKUR FAXISTARIK EZ!"