Etxez-etxeko langileek bigarrenez hartu dute hitza udalbatzaren aurrean

Xabi Gorostidi 2018ko eka. 6a, 12:39

Aurreko astean greba mugagabea iragarri ostean, agerraldia egin zuten atzoko osoko bilkuran. Beste behin konpromiso politikoak eskatu dituzte Clece enpresarekin daukaten negoziazioa desblokeatzeko. Akordiorako gakoa bajak betetzeko baldintzetan dago. Clecek proposamen berri bat egin du asteon horri lotuta, baina langileentzat ez nahikoa.

"Eskatzen duguna da Bergaran dituzten baldintza berdinak lortzea da, eta horretarako konpromiso politikoa behar dugu" azaldu zuen Karmele Loiti langileen ordezkariak.

Momentu honetan ez dago akordiorik Clece enpresarekin. Gaur egungo baldintzekiko hobekuntza batzuk adostu ostean, bajen gaiak blokeatu du negoziaketa. Euren %100ean kubritzea eskatzen dute, baina enpresa ez dago hori onartzeko prest. Eskaini dietena izan da, baja tenporalen %75a ordaintzea, eta baja laboralen %100a ordaintzea lehen 21 egunean –ostean, %75ean ordainduko lituzkete–. Eurentzako baldintza horiek ez direla "onargarriak" esan zuten, eta udal gobernuari inplikazio handiagoa eskatu zioten.

Maria Ubarretxenak hitza hartu zuen, azaltzeko langileekin eta enpresarekin elkartu direla. Kontratua uztailaren 31n agortzen denez, Udalak lehenbailehen plegu berriak atera behar dituela azaldu zuen, abuztuaren 1etik aurrera zerbitzua ematen jarraitzeko. "Plegu horietan hitzarmen hobeago bat izatea nahiko genuke, baina hori ez dago gure esku, erabakia zuena da".

Oposizioko alderdiek euren babesa eskaini zieten langileei. EH Bilduk Oñatin lortutako akordioa jarri zuen adibide gisa, borondatea politikoarekin akordioak lortu daitezkeela azaltzeko. Irabazik zerbitzua udalekotzea eskatu zuen, eta Baleiketik adierazi zuten, Udala langile horien "esplotazioaz" baliatzen dela.

PSE-EEtik adierazi zuten langileen alboan egongo direla. Zerbitzua udalekotzea momentu honetan ezinezkoa zela ere azaldu zuten; langileak kaleratu behar direlako –horrek ekar ditzakeen kalte ordainekin– eta ondoren oposizio prozesu bat gainditu beharko luketelako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak