"Andaluziar mojen gozokien dastatzea, konferentziak, haurrentzako puzgarriak... denetarik izan dugu aurreko domekatik hona" azaldu du Al-Andalus elkarteko presidente den Rafa Gomezek.
Gaurkoa izan da aste kulturaleko azken eguna, eta egun esanguratsua izan da benetan. Eguerdian parrillada antolatu dute eta 400 lagunetik gora batu dira bertan. Txorizoa, txuleta eta saltxitxak izan dira jateko, eta parrilladako txartela zutenentzat ardoa debalde jarri dute.
Ostean hiru dantza emanaldi ikusi ahal izan dira. Oholtzara igotzen lehenak Maledantza taldekoak izan dira. Ikuskizun aparta eman dute euskal dantzak eta flamenkoa fusionatuz. "Aurresku batekin hasi dute emanaldia, eta ikusgarria izan da dantza hori bi kulturen nahasketarekin nola taularatu duten" azaldu du Gomezek.
Ostean elkarteko kide diren Al-Andalus talde rocieroa eta Alegria de la Sierra taldeak igo dira. "Hauek urteroko klasikoak dira, falta ezin diren horietakoak".
Eguna borobiltzeko Arrasaten jaio, hezi eta formatutako Aitor Escobarren emanaldia izan da apustu nagusia. Askoa Etxebarrieta 'La Pulga' dantzaria, eta beste hiru musikari izan ditu alboan, eta kalitate handiko flamenko ikuskizuna taularatu dute. Horren erakusle izan da, abesti bakoitzaren amaieran, ikusleek eskaini dizkieten txalo zaparrada zaratatsuak.