Ondo pasatzeko aukera zabala Arrasate Herri Eskolakoen jaian

Xabi Gorostidi 2018ko eka. 1a, 20:15

Puzgarriak, jokoak, salto-salto erraldoiak, aurpegi margotzeak, Txatxilipurdikoen karaokea, henna tailerra... ez da aspertzeko astirik izan Arrasate Herri Eskolakoek gaurko antolatu duten jaian. Biteri eta Seber Altube haurrez eta gurasoz bete dira, eta amaiera aldera Arkada Social taldeko kideek hainbat opari banatu dituzte.

Ostiral arratsalde pasa ederra egin dute herriko gazteek Arrasate Herri Eskolakoek antolatu dute festa gunean. Seber Altube plaza eta Biteri etorbidea gazteentzako jolas-gune bihurtu dira, era askotariko jolas eta tailerrekin.

Seber Altuben kantuan eta dantzan aritu dira gaztetxoak Txatxilipurdiko kideek antolatu duten karaokean. Bertan egon dira henna eta aurpegi margotze tailerrak ere, eta bertako arduradunek gogotik egin dute lan, haurren ilarak amaigabeak izan baitira.

Biterin askotariko jokoak jarri dituzte. Puzgarriez gain, pedalka dabiltzan kartak, eta salto-salto erraldoi bat ere jarri dituzte, besteak beste. Gurasoentzako txosna bat ere jarri dute, egarri eta gosea asetzeko. Garagardoak, freskagarriak, eta txorizo pintxoak zeuden aukeran, eta baita te eta infusio exotikoak ere.

5. eta 6. mailako ikasleen eskariei men eginez, Arkada Socialeko kideek hartu dute parte gaurko ekitaldian. Seber Altubeko oholtza gainera igo dira, baina ez abesteko eta gitarra jotzeko, opariak banatzeko baizik. Taldeari buruzko galderak asmatzen zituzten gaztetxoei, diskoak eta pegatinak oparitu dizkiete. Arkada zale izandako guraso asko zeuden ikusleen artean, eta agerian geratu da horien seme-alabengan ere pasioa pizteko gaitasuna dutela.

Gaurko jaiarekin gozatu duten askok beste hitzordu bat izango dute domekan, Lekeition ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren festa erraldoian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak