Hasi dute Garagardo Azokaren 20. edizioa

Iker Oñate 2018ko eka. 1a, 13:22

Atzo zabaldu zuten Garagardo Azoka. Eta zapatura bitartean egongo da horretaz gozatzeko aukera. Gainera, egun "berezia" izango da biharkoa: herri bazkaria eta Nazioarteko Errugbi Txapelketa antolatu ditu Arrasate Rugby Taldeak.

Zabalik dago jada Arrasate Rugby Taldeak antolatzen duen Garagardo Azoka. Eta aurtengoa ez da edozelako hitzordua izango: ekinbidearen 20. urteurrena izaki, "sorpresak" iragarri dituzte bultzatzaileek –sardexka eta labana berriak erosi dituzte, adibidez–. Hain zuzen ere, errugbi taldekoek atzo zerbitzatu zituzten lehen edariak eta jakiak herriko plazan jarria duten karpan. Eta hala jardungo dute zapatura bitartean. Ohi moduan, 18:30etik 01:30era artean izango dute Garagardo Azoka zabalik.

Bestetik, "egun berezia" izango da biharkoa. Besteak beste, herri bazkaria egingo dute –paella, oilaskoa eta postrea eskainiko dute–, eta eskuragarri daude horretan esku hartzeko txartelak. Zehatz esanda, Basati, Taupa, Itzala, Kajoi eta Okoretegi tabernetan jarri dituzte salgai, 20 euroren truke. Gainera, egunean bertan ere izango da txartela eskuratzeko aukera.

Eta, bestetik, XX. Nazioarteko Zazpiko Errugbi Txapelketa egingo dute bihar. Arratsaldean jokatuko dituzte partiduak, Mojategin, 16:00etan hasita: herriko errugbi taldea, Elorriokoa eta Durangokoa izango dira bertan, nor baino nor gehiago. Eta Garagardo Azokaren karpan izango da txapelketaren zantzurik, gainera: bertan egingo dute sari banaketa ekitaldia, gauean.

Atzera begirakoa akorduan

Esan bezala, aurten, 20 urte egin ditu Garagardo Azokaren ekinbideak. Hori bai, errugbi taldekoek akorduan dituzte hastapenak. “Orain, oilaskoak, saltxitxak edota txerri ukondoa dastatzeko aukera egoten da karpan, baina lehenengo edizioan sardina erreak saldu genituen”, azaldu du klubeko kide eta ekimenaren aitzindari Joseba Maidaganek.

Egindakoarekin, "pozik"

Arrasate Rugby Taldeko kideak "pozik" dira denboraldiak eman duenarekin. "Oro har, esan daiteke urte emankorra izan dela", aitortu du Ane Agirrek, taldeko presidenteak.

Besteak beste, aurreko urteko igoeraren ostean, aurtengoan esperientzia berria dastatu beharra zuen senior mailako taldeak. Eta "ondo baino hobeto" eutsi dio mailari: "Txapelketa berria zen guretzat. Ez genituen taldeak ezagutzen. Eta ez genekien zein izan zitekeen euren maila. Beraz, urduri hasi genuen denboraldia. Dena den, denborak erakutsi digu kapaz garela maila honetan jarduteko". Hain zuzen ere, Kanpazarkoek Lehen Maila Nazionaleko sailkapenaren erdiko postuetan bukatu dute txapelketa. Eta, aurrera begira, bide horretan segitzeko asmoz dihardute. "Eurekin hitz egin ostean, ikusi dugu horretarako gogoz direla jokalariak", dio.

Bestetik, Arrasate Rugby Taldekoak "gustura" dira kirolak herrian duen harrerarekin: "Adin askotariko neskamutikoak ditugu errugbi taldean. Donostiako Kontxan jokatu berri dugun txapelketan, esaterako, 10, 12 eta 14 urte azpikoetan genuen ordezkaritza. Pozik egoteko modukoa da hori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak