Aurreko urteetan egindako bezala, aurten ere, sanjuanetako ekitaldiak udaletxeko balkoitik ikusteko aukera eskainiko die Udalak herritarrei. 2016an eman zitzaien herritarrei lehenekoz aukera hori, eta 36 pertsonek eman zuten izena. Iaz, aldiz, kopuruak dezente egin zuen gora eta 89 lagunek egin zuten eskaria.
Haurren danborrada, errementari dantza eta nagusien danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea udal webgunean edo BAZen, ekainaren 1etik 10a arte. Parte hartzeko 16 urtetik gora izatea eta Arrasaten erroldatuta egotea dira oinarrizko bi baldintzak. 16 urtetik beherako haurren kasuan, nagusi batez lagunduta joan behar dutenez, adin nagusiko herritarrak eman beharko du izena.
Ekintza bakoitzeko 15 leku bikoitz egongo dira, hau da, guztira 30 lagunek igo ahal izango dute balkoira. Izena emateko orduan, herritarrek interes ordenaren arabera zehaztu beharko ditu balkoitik ikusi nahi dituen ekintzak. Ondoren, ekainaren 11n, izena ematen duten guztien artean zozketa egingo da leku horiek betetzeko.