Eguaztenean manifestazioa eta bi orduko lan uzteak deitu ditu LAB sindikatuak

Xabi Gorostidi 2018ko mai. 28a, 16:00

Argazkia: LAB

Maiatzaren 30ean, manifestazioa egingo du LAB sindikatuak Arrasaten. Estatalizazioa = Prekarizazioa eta Hemen lan egin, hemen erabaki lelopean egingo dute, euskal lan esparru propioa eta erabakiak hartzeko subiranotasuna aldarrikatzeko. Sindikatu abertzalearen manifestazioa Seber Altube plazatik abiatuko da, 12:30ean.

Hona hemen sindikatu abertzaletik helarazi duten oharra bere osotasunean:

1.- INBOLUZIO POLITIKOA eta SOZIALA = PREKARIZAZIOA

Bizi eta Lanaren prekarizazio prozesu bat inposatzen ari dira, Estatua lideratzen ari den inboluzio politikoaren barruan.  

  • Inboluzio politikoak hainbat alde desberdin ditu (diskriminazioa, prekarizazioa, pobretzea, pentsioak erasotzea, erreformak, zerbitzu publikoen murrizketak, ...)
  • Arlo laboralean prekarizazioa inposatu nahi digute eta horretarako patronala, botere politiko eta botere ekonomikoaren arteko aliantzak prekarizazio prozesu oso bat jarri du martxan, langileen lepora patronala eta botere ekonomikoaren irabaziak bermatu eta handitzeko helburuarekin.
  • Baina bizitzen ari garen prekarietate prozesu honek, erantzun orokor bat ere behar du, kalera atereaz lan zentruetan bizitzen ari garen egoera. 
  • Prekarizazio prozesu honek era desberdinen bitartez inposatzen ari zaigu: lan erreformak, borrokaren kriminalizazioa, greba eskubideren kontrako erasoak, estatalizazioa, ...

2.- ESTATALIZAZIOA = PREKARIZAZIOA

2.1.- Zer da?

Bertako langileoi estatu mailako lan baldintzak aplikatzeko estrategia, bertako lan hitzarmenek arautzen dituzten lan baldintzak ez betez eta gureak baino merkeagoak eta okerragoak diren lan baldintzak  estatalak inposatuz. Azken 7 urteetan (errefromak indarrean sartu direnetik hona) estatuko hitzarmena aplikatzen zaien lagile kopurua %21tik %34ra pasatu da. Estatuak hartu duen erabaki estrategikoa da.

2.2.- Noiz hasi da?
2008aren aurretik ere, ez genuen aukerarik Euskal Herrian lan harremanak arautzeko: Estatu mailan ezartzen zen lan legedia. Baina bertako lan hitzarmenen bidez, negoziazio eremu propio bat mantendu eta lan baldintzak duintzea lortu izan dugu. Halere, baziren hainbat sektore bertako hitzarmenik gabe. 2008ko krisiaren aitzakian, estatalizazio eta prekarizazio prozesuari bultzada handia ematen zaio. Hiru mugarri nagusienak honako hauek izan dira: PSOEk ezarri eta EAJk bide emandako Negoziazio Kolektiboaren erreforma, PP eta UPNk ezarritako Lan Erreforma eta PSOE nahiz PPk ezarritako austeritate neurriak.

2.3.- Zer helburu eta ondorio ditu?
Alde batetik langileon lan baldintzen okertzeak dakarren merkatzearekin, patronalaren etekinak biderkatzen jarraitzea. Bestetik, bertoko langileok eta sindikatuak gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidea ukatzea, Madrileko sindikatu eta indar korrelazioen araberako lan baldintzak
inposatuz.

2.4.- Nola garatzen ari da?
Estatalizazioa = prekarizazioa lau eratara eramaten ari dira aurrera:

  • Zentralizatuz. Estatu mailan adosten diren lan hitzarmenetan, gurean negoziazio eremuak debekatuz (hainbat estatu lan hitzarmenetan jasota dago herrialde mailan sektoreannegoziaziorik egiteko debekua) edo estatu mailako lan hitzarmenetan hainbat gai bereganatuz, bertako lan hitzarmenetan negoziatu ezin daitezkeen gaiak, gure lan hitzarmenak edukiz hutsituz.Patronal estatala, CCOO eta UGTren eskutik heltzen zaigu eraso mota hau, bertako langileen lan baldintzak okertzen eta prekarizatzen ari direla jakin arren. Eraso honi aurre egiteko sortu zen EAEn Akordio Interprofesionala, indarrean dauden hitzarmenei aplikatzeko lehentasuna emanez, eta gure lan hitzarmenak, indarrean egonez gero, babestu eta aplikatzen jarraitzeko ahalbidetz. Nafarroan ere saiatu ginen AI bat egiten, baina CEN, CCOO eta UGTk ez zuten nahi izan, estatalizazioari aurre egiten ziolako. Bertan gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidearen kontrako eraso argia.
  • Negoziazio kolektiboa blokeatuz. Bertoko patronalek (CFBSK, ADEGI, CEBEK, SEA eta CEN) erabiltzen duten estrategia, nagusiki EAEn (Nafarroan UGT eta CCOO prest baitaude lan hitzarmen merkeak sinatzeko). Hitzarmen bat ez bada berritzen, bere ultraktibitatea amaituta, estatu mailako hitzarmen bat aplikatzeko aukera ematen du. Gauzak horrela patronala negoziazioak blokeatzen ditu, estatu mailako lan baldintzak aplikatzeak sortzen duen presioa bere alde izateko. Dualidadea sortzen du, langile “zaharrei” lehengo soldata aplikatzen jarraitzen zaiolako, hori bai, izoztuta, eta kontratazio berriei estatu mailako soldata, askoz bajuagoa dena. Langileen %22ak soilik du hitzarmena berritua. Beraz %78ak estatalizazioaren mehatxupean daude. Orain berritua izateak ez du esan nahi etorkizunean arazorik izango ez dugunik. Orain indarrean dagoen hitzarmena,  indarraldia amaituta, ez bada berritzen, estatalizazioaren menpe egongo da. N
  • Negoziazio eremu berriak irekitzea ukatuz. Badaude hainbat eremu beti aplikatu izan zaiela estatu mailako lan hitzarmenak, adibidez sektore mailan telemarketing, grandes almacenes, banka, aseguruak, kimikak, eta hainbat enpresa. Nafarroan are eta gehiago: zahar egoitzak, interbentzio soziala, zabor bilketa.... Bertako patronala ukatu egiten du eremu hauek irekitzea, bertan negoziatzeko eremu hauetako lan baldintzen hobekuntza bat ekarriko duela, eta nahiago dute lan baldintza prekarioak aplikatzen jarraitzea.
  • Langile publikoen eta arlo publikoko azpikontratatutako langileen kasuan, legeak inposatuz.


- Langile publikoen lan baldintzak estatuko aurrekoen bitartez arautzen dituzte (soldata igoera, 37’5 orduko lanaldia inposatzen saiatzea, erreposizio tasa, ITaren ordainketa, ordezkapenak, ...), negoziazio kolektibo eskubide guztiz ukatuz eta bertan gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidea erasotuz. Bertoko erakundeek kontran azaldu arren, aplikatu egiten dituzte, oso ondo baitatorkie langileen lan baldintzak merkatzea, beraien izaera neoliberalarekin lerrokatuz. Gainera, sektore publikoaren garapenari mugak jartzea, pribatizazioak bultzatzeko estrategia argi bat da.

- EAEko azpikontratatutako langileei dagokionez, estatuko lege baten bitartez arautu dute pleguak zalantzan jartzea subrogazioa bermatzeko bitarteko moduan, horrek azpikontrataturiko langileen lanpostua eta lan baldintzak mantentzean izan dezakeen ondorioekin. Nafarroan, eta langileok egin dugun presioaren eraginez, bertako lege bat egin da, subrogazioa plegutan txertatzea derrigortzen duena. Eusko jaurlaritzak uko egiten dio EAEn Nafarroan egin duten moduko lege bat egiteari, bere izaera neoliberalari jarraituz. Beraz, estatalizazioak=prekarizazioa lan zentroetan bizi ditugun hainbat arazoen atzean dagoen estrategia da: blokeoa, hitzarmenak ez sinatzearekin izozketa edo dualitatea, estatu mailako hitzarmen edo dekretuak aplikatzea, ..., hau da, burujabetasun ezak, españolizaziora kondenatzen gaitu. Estatalizazioari=prekarizazioari aurre egitea, hitzarmen blokeoari aurre egitea da, estatu mailako lan hitzarmenak edo dekretuak aplikatzea da, iziketari edo dualidadeari aurre egitea da, ....

2.4.- Zer egin behar dugu estatalizazioari aurre egiteko?

  • Maila orokorrean, estatalizazioaren eta prekarizazioaren kontra eta langileok Euskal Herrian gure lan baldintzak arautzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko: MEZUA HELARAZI ETA MOBILIZAZIOAK BULTZATU = Maiatzaren 30an estatalizazioari eta prekarizazioari aurre egiteko eta LHEE aldarrikatzeko LABek deitu duen mobilizazio eta lanuzte egunarekin bat eginez.

Nola eramango dugu aurrera M30a?

a) Enpresetan langileen mobilizazioak egitea da helburu, eta langileen partaidetza errazteko, bi orduko lanuztea erabiltzea 12etatik 14etara. Enpresa bakoitzak erabaki beharko du zer mobilizazio eta hau aurrera botatzeko zer nolako lanuztea egiten duen (gehienez bi ordukoa), eta lanuzte deialdi orokorra enpresa bakoitzean egingo denera moldatu (enpresari komunikatu behar zaio-modelo bat egongo da).

b) Langileen mobilizazioa lehenesten dugunez, aukera egongo da, LABetik haratagoko langileak batzea lortzen badugu, mobilizazioak siglarik gabe egiteko. Garrantzitsuena langileak mobilizatzea da, eta horretarako espazioak eskainiko ditugu, eta horretarako gure siglak “sakrifikatzeko” ere prest gaude.

* Lantokiz lantoki prekarietatearen kontrako eta lan baldintza duinen aldeko borrokak antolatu. Ekintza sindikal iraunkorraren bidez, bertako patronalak eragindako blokeoa pitzatu behar dugu. Enpresa nahiz sektore mailan lan hitzarmenak eskuratzeko, langileak tokian toki antolatu eta aktibatu beharra dago.

* Sektore zein enpresetako negoziazio eremu berriak irekitzearen aldeko borrokak antolatu, bai bertako sektore zein enpresa mailan gure lan baldintzak erabakitzeko, adosteko eta arautzeko aukera izan dezagun.

* Arlo publikoan Lege inposaketa eta negoziazio kolektiboaren eskubidearen alde borrokatu, estatuaren zentralizazio eta pribatizazio dinamikari aurre eginez baita bertako erakundeen konplizitateari.

3.- BEHIN BETIKO KONPONBIDEA
A) Borrokaren bidez, hemengo negoziazio esparrua defendatzea eta prekarizazio prozesuari
muga jartzea.

B) Lan arloko eskumenak bereganatzea. Hala EAEn nola Nafarroan, estatus berriaren inguruko eztabaida irekita dago. LABen ustez, estatus berri horretan lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa jaso beharra dago.

C) Erabakitzeko eskubidea lortzea. Euskal Herrian bertan hartu behar dira gure lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak. Lan eremuan burujabetza eskuratzen ez badugu, estatalizazio eta prekarizazio prozesuaren menpe jarraituko dugu, hori bultzatzeko erabaki estrategikoa hartu baitu Espainiako Estatuak.

D) Lan eremuan borroka sindikala egitearekin batera, aldaketa politiko eta sozial orokor baterako burujabetza prozesua martxan jartzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak