Jokalariei oroitzapen bezala plaka bat eman diete eta Crespori plakaz gain Mondrako intsignia eman dio presidenteak urte guzti hauetan Mondran egindako ibilbideagatik. Partiduari dagokionez hasierako ordu erdian ez da intentsitate handirik egon Mojategiko zelaian; bi taldeek esan bezala ez zuten ezer jokoan eta 38. minutuan egin dute etxekoek lehenengo gola. Iker Sanchezek ezker hegaletik erdiraketa bikaina egin ostean Arroyok atezaina gainditu du.
Bigarren zatian Vasconiakoek gol aukeraren bat izan dute; kornerretan gehienak eta atzelarien akatsak aprobetxatuta, hala ere ez dute golik egin eta partiduko azken ordu laurdenean egin ditu Mondrak beste bi golak. Bigarrena Iker Sanchezek hainbat aurkari atzean utzi ostean baloia atezainaren gainetik jaurti du atea barrura; eta hirugarrena Perezek egin du jokaldi polit baten ostean Sanchezen asistentzia aprobetxatuz. Hirugarrena egin ostean gol aukera gehiago izan dituzte arrasatearrek, Sanchez anaiak erasoan gogotsu ibili dira, hala ere 3-0eko markagailuarekin amaitu da norgehiagoka.