Pasa den astean zabaldu zuen Arrasateko Udal Bibliotekak Portugal herrialdearen gaineko interesgunea, helduen liburutegian. "Liburuak, komikiak, pelikulak eta diskoak jarri genituen, eta orain, beste mota batzuetako materialarekin hornitu gura dugu", adierazi du Asun Agirianok, Udal Bibliotekako kideak.
Ohikoa izaten da Udal Bibliotekak gai bat hartu eta horren gaineko erakusketa antolatzea, eta oraingoan, Portugal aukeratu dute. "Portugalgo material asko genuen, eta hori aprobetxatu gura izan dugu. Bestalde, oso gertu daukagun herrialde bat da, baina, era berean, ezezaguna da guretzat. Hizkuntza propioa dute, izaera berezia, oso lirikoak dira, eta hori ezagutarazi gura izan dugu. Izan ere, oso gogoko eta kutuna dugun herrialdea da", zehaztu du Agirianok.
Kontzertua
Interesgunearen baitan, fado kontzertua ere antolatu du Udal Bibliotekak. "Arrasate Musikaleko irakasle batek fado talde bat duela bagenekien, eta hari proposatu genion kontzertu bat eskaintzeko. Haiek pozik onartu zuten". Hala, emanaldia maiatzaren 31n, eguena, izango da, 19:00etan, Kulturateko areto nagusian –sarrera doan da–.
Ventos da Seudade da taldearen izena. Soraluzekoak dira, eta bi gizonek eta bi emakumek osatzen dute: Arianne Unamuno ahotsean, Domentx Uzin gitarra portugaldarrarekin, Jon Basauri gitarra espainiarrarekin eta Ane Ugalde flautarekin. Esan bezala, Portugalgo fado doinuak lantzen dituzte.