Koadroak Seber Altube plazara aterako ditu Margo Taldeak zapatuan

Eneko Azurmendi 2018ko mai. 24a, 14:36

Arrasate Margo Taldeko kideetako batzuk, euren tailerrean.

Arrasate Margo Taldeak urte osoan landutako lan ezberdinak ikusgai eta salgai jarriko ditu zapatuan Seber Altube plazan, 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; taldeko kide diren hamalau margolarik eramango dituzte koadroak –24 bazkide dira orotara–.

Arrasateko margolari ezberdinek egindako koadroen azoka bilakatuko da bihar Seber Altube plaza. Izan ere, azken urteetako ohiturari jarraituz, euren lanak ikusgai eta salgai jarriko dituzte Arrasate Margo Taldeko kideek egun osoan. "Urte osoan landu ditugun koadro ezberdinak herritarrei erakustea da asmoa, lan hauek tailerretik herrira aterata. Izan ere, koadro horien atzean lan handia dago. Horregatik, elkarte honetan egiten dugun lana eta taldea bera ezagutarazi gura ditugu", azaldu du Bea Arregik, Arrasate Margo Taldeko idazkariak.

24 bazkide ditu elkarteak, eta horietako hamalauren lanak egongo dira biharko azokan, elkarteko zuzendari Ramon Gonzalezen esanetan. "Margolari bakoitzak bere txokoa izango du, eta txoko horretan nahi beste koadro jar ditzake. Nik, adibidez, hamar lan eramango ditut, baina formatu txikiko lanak dituen bati, gehiago sartuko zaizkio", zehaztu du.

Gaia erabat librea izango da. "Txokoak zozketatu egin ditugu gure artean. Horrekin esan gura dut koadroek ez dutela inongo loturarik edo koherentziarik elkarren artean, nahiz eta elkarren alboan egon", dio.

Mota, estilo eta teknika ezberdinetako koadroak izango dituzte azokan. "Hainbeste jende gaudenez, denetariko estiloak daude. Batzuek figura lantzen dute, beste batzuek abstraktua, beste batzuek paisaia, eta abar. Teknikari dagokionez, olio-pintura, akrilikoa, ikatz-marrazkia, arkatza, akuarela, eta abar ditugu", azpimarratu du elkarteko idazkariak.

Espazio mugatua tailerrean

Arrasate Margo Taldeko kideek adierazi dute ateak zabalik dituztela margo mundua barrutik ezagutu nahi dutenentzat. Hala ere, espazio arazoak aipatu dituzte. “Gustatuko litzaiguke gura duten guztiei probatzeko aukera eskaintzea. Baina tailerrean daukagun lekua mugatua da. Hala ere, gurekin harremanetan jartzeko aholkatzen diegu. Gero moldatuko gara, modu batera edo bestera. Agian, apur bat itxaron beharko dute”.

Gaur egun, sartzeko eskaera bat dute. "Bi urte barru, tailer berrira aldatuko gara, Zerrajerako eraikinera, eta hor 75 metro karratu gehiago edukiko ditugu margotzeko. Hori horrela, ezin diogu inori ezetzik esan, epe laburrean zortzi edo hamar pertsona gehiagorentzako lekua izango dugu eta".

Azkenik, herritarrei dei egin diete biharko azokara gerturatzeko eta "margoaren mundua gertuagotik ezagutzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak