Kluben Arteko Espainiako Txapelketan aurrera egin dute Ointxe! Araskiko kadeteek

Mirari Altube Arrese 2018ko mai. 22a, 15:06

Huelva aldean dabiltza Ointxe! Araskiko kadeteak Kluben Arteko Espainiako Txapelketa jokatzen, eta lehen fasean aurrera egin dute hiru partidutatik bi irabazita. Eguaztenean, final-zortzirenak jokatuko dituzte.

Mallorkako Sant Josep A taldea izan dute aurkari arrasatearrek gaur, eta guztia eman dute kantxan aurrera egin ahal izateko. Lehen bi laurdenak atzetik joan dira; 12-29 bukatu da lehen laurdena eta 34-40 bigarrena.  Hirugarrenean, baina, irauli egin dute markagailua (64-52) eta baloi guztiak borrokatuta 15 puntuko aldearekin irabazi dute azkenean (81-66).

Aurretik, Orenseko Bosco Salesianos taldea hartu dute mendean (49-69). Eta txapelketan galdu duten partidu bakarra Madrilgo Movistar Estudiantes taldearen aurka izan da (70-65). Hala, D taldeko bigarren postuan sailkatu dira.

Aurkariaren zain

Final-zortzirenak eguaztenean jokatuko dira, eta G taldeko lehen sailkatua izango dute aurkari arrasatearrek. Hain zuzen, gaur arratsaldean jakingo dute zein izango den talde hori, eta baliteke ondo baino hobeto elkar ezagutzen duten Loiola Indautxu izatea. Hala balitz, euskal taldeen arteko derbi ikusgarriak erabakiko luke zeinek egin aurrera.
 
Final-zortzirenak irabaziz gero eguenean jokatuko dituzte final-laurdenak.

Murua eta Mbomio nabarmenduak

Ointxe! Araski taldeko jokalari bi nabarmendu dituzte txapelketan: Irene Murua eta Teresa Mbomio. Muruak, 17 puntu lortu ditu batezbesteko, 15,3 errebote eta 21eko balorazioa jaso du. Eta Mbomiok 11 puntu eskuratu ditu batezbesteko, 14,6 errebote eta 12ko balorazioa jaso du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak