Arrasateko kultura aniztasunaren hilabetearen barruan herriko emakume talde batek irudi horma erraldoia margotu du gaur goizean Kalealdea kalean —Larrea eta Usaetxe plaza pareko aldapan—.
Ia goiz osoa eman dute bertan, eta Joana Manzisidor artista eta grafitilari arrasatearrak sortutako Emakume Anitzen irudia margotu dute. Kultura askotariko emakumeek egin dituzte margolari lanak, eta hain zuzen ere kultura aniztasuna da irudiak aldarrikatu nahi duena. Hamabi bat lagun elkartu dira.
Manzisidorren lanak hamabi emakumeren aurpegiak irudikatzen ditu, eta kultura eta jatorri anitzeko emakumeak dira guztiak. Margotzeko lana guztiz amaitu barik gelditu da eta ekimena deitu duen Arrasateko Emakume Mundu Martxako plataformatik jakinarazi dute hurrengo domekan berriz elkartuko direla egiteke gelditu dena amaitzeko.
Bazkaria balorazioa egin eta aurrera begirakoak zehazteko
"Oso egun polita eta atsegina izan dugu. Oso gustura egon gara", adierazi du ekimenean parte hartu duen Jasone Giraldok. "Elkarrekin bazkaldu dugu baita ere, eta martxan jarraitzeko asmoa berretsi dugu. Hainbat egitasmo ditugu buruan eta zehazten joan ahala joango gara horien berri ematen", adierazi du.