Patinete bat, ordenagailuko sagua, lera edo trineo bat, metal zatiak... baina batez ere gozokietako plastikoak jaso dituzte Deba erreka auzolanean garbitzen ibili diren Arrasate Herri Eskolako Guraso Elkarteko gurasoek eta umeek. Guztira 70 lagun inguru elkartu dira eta denetarik aurkitu dute.
Umeak kontzientziatzeko helburua izan du ekimenak, txikitatik ikus dezaten zikinkeria ez dela errekara bota behar. Agenda 21 proiektuan Ura gaia lantzen ari dira gainera, eta hori abiapuntu bezala hartuta ibili dira goizean auzolanean.
Anekdotaren bat ere izan dutela azaldu du elkarteko kide Ane Miren Gorostizak: "Erreka garbitzen genbiltzan bitartean, norbaitek plastiko bat bota du goitik, begiratu, eta txakur kaka zegoen barruan".
Jasotako zikinkeria sailkatu egin dute gero eta Zardibarren ikusgai izango da jasotakoa martitzenera bitartean. Udaleko garbitasun zerbitzukoek kenduko dute gero, gaur umeek eta gurasoek jaso duten zikinkeria.
Txorientzako etxetxoak zintzilikatzen
Erreka garbitzeaz gain, txorientzako hamar etxetxo ere zintzilikatu dituzte zuhaitzetan. "Jarraipena egin beharko diegu gero etxetxoei. Izan ere, udazkenean garbitu egin behar dira, bestela, txoriak ez baitira abia zaharrak dauden etxetxoetara berriro sartzen", adierazi du Gorostizak.