Urduri hasi dute finalerdia Ointxekoek, eta lehen laurdena atzetik amaitu dute: 17-20. Erreboteek ihes egiten zieten defentsan, baina hori konpondu eta atzeko lana funtzionatzen hasi den orduko aldatu dira gauzak. Zazpi puntuko aldea hartu dute atsedenaldirako, erasoan gauzak ondo atera zaizkie-eta.
Hirugarren laurdenean are argiago geratu dira gauzak, eta azkenekoari 13 puntuko aldearekin ekinda, azken minutuak estutasunik gabe pasa ahal izan dituzte etxekoek; intentsitaterik jaitsi gabe, hala ere, ligan zehar gertatu izan baitzaie alde handiekin irabazten joan, lokartu, eta azkenean partidua galtzea. Eta halakorik ez zuten nahi, gainera kontuan izanda fase erregularrean Iturripen irabazteko gai izan den talde bakarra zela Zarauzkoa.
Azkenean ez da ezusterik izan. Aipatzeko bestea, giro ederra izan dela Iturripeko harmailetan, eta etxeko zaleen laguntasuna gogotik eskertu du Alkideba Ointxek.
Beste finalerdian Donosti Dolphinsek 68-60 irabazi dio Alde Zaharrari. Eurak izango dira, beraz, arrasatearren aurkari bihar Gasca kiroldegian jokatuko den finalean. Maila autonomikorako txartela egongo da jokoan. Autobusa antolatu dute taldea animatzera joateko. 20:00etan da norgehiagoka.