Arrasateko Gure Esku Dago ekimenaren partaideak pozik daude Klik Egunak herrian izan duen harrerarekin. Kalejira antzeko bat egin dute herriko lau gunetan; Monte, Taupa, Jaizale eta Irati tabernen inguruetan, txistulari, trikitilari eta Sanbamaiña batukadaren laguntzarekin. Herriko dantzariek ere hartu dute parte eta sekulako jai giroan ibili dira hurreratu diren herritarrak. Kalejiran Herriko Plazara joan dira eta han elkartu dira guztiak.
Herriko Plazan lau kartel handi jarri dituzte ikusgai. Horietako bakoitzean zuhaitz bat zegoen marraztuta, eta adar bakoitzean erabakitzeko arrazoiak zeuden idatzita, modu horretara, arrasatearrek martxoan egindako mintegian landutako erabakiak eman dituzte ezagutzera.
1.000 lagun
Arrasateko Gure Esku Dagokoek jarri duten postuan 100 kamiseta inguru saldu dituzte gaur eta dagoeneko 1.000 lagun inguruk eman dute izena ekainaren 10erako. Hauxe adierazi du Arrasateko GED-eko Gaizka Agirianok: "Gaur 1.000 lagun ingurura iritsi da izen-ematea, hala ere, uste dugu gehiagok ere izena emango dutela eta 1.300 lagun inguru elkartzea espero dugu Arrasatetik".
Ekainaren 10ean, Arrasatekoek hiru kilometro izango dituzte Mañurga eta Gopegi (Araba) artean.