"Elkartasuna gauza ederra da eta bai atzo eta baita gaur ere hainbat mezu eta telefono dei jaso ditut bai Arrasatetik eta baita beste leku batzuetatik ere", adierazi du Enrike Letonak manifestazioaren ostean.
50 preso ohiren ondasunen aurkako operazioa jarri zuen martxan atzo Guardia Zibilak, eta horien artean dago Enrike Letona preso ohi arrasatearra. Hauxe gaineratu du: "Gobernua iraganera begira dagoenean, gu aurrera begira gaude; kalte pertsonalek min egiten digute, baina azkenean guk aurrera egingo dugu. Ez digute kenduko borroka egiteko gogoa. Herri honek proiektu bat dauka, eta proiektu hori lortu arte, independentzia lortu arte, guk aurrera jarraituko dugu".
Berretsi du ez zuela inolako berririk jaso atzo goizean eta komunikabideen bitartez jakin zuela eguerdi aldean, autoan zihoala, 50 pertsonari dirua atzeman ziotela. "Gero, 20:00ak inguruan abokatuak jaso zuen auto bat eta hor zehazten da dirua atzeman didatela; edozein ondasun baldin badaukat, kentzea; eta soldata ere konfiskatzea... Uzten dizute gutxienekoa bizitzeko eta beste guztia kendu egiten dizute", azaldu du.
Bihar, Miribillan
Sebero Altuben hasi eta bukatu den manifestazioaren ostean gonbidapena egin diete ezkertiar eta independentista orori bihar, zapatua, Miribillan egingo den ekitaldian parte hartzera.