2017ko uztailaren 14an, Espainiako bandera jarri behar izan zuten Arrasateko udaletxeko balkoian. Ez zen gustuko neurria izan, halabeharrez eta legeak behartuta hartutakoa baizik.
Espainiako bandera jartzeko eskaria 2015a ezkero zegoen mahai gainean, baina Udalak bazuen horren aurka egiteko argudio bat: udaletxean ez zela banderarik jarrita egoten; ez Arrasatekoa, ez ikurrina, ez Espainiako, ezta Europakoa ere.
Guardia Zibilen argazkiak
Baina argudio hori bertan behera geratu zen 2017ko ekainaren 27an guardia zibilek egindako argazki batzuen ondorioz. San Juan jaiak ziren, eta udaletxeko balkoian ikurrina eta Arrasateko bandera zeuden jarrita. Salbuespena zen, soilik jaietan jartzen zirelako, baina guardia zibilek une berezi hori baliatu zuten argazkiak atera eta Udalaren argumentua ahultzeko.
Errekurritzeko tarterik gabe
Argazkiak jaso ondoren, Estatuko abokatuak mezua bidali zion epaileari. Errekurritzea ezinezkoa zela esan zuten Udaleko aholkularitza juridikoko kideek, eta "ahalik eta azkarren jartzea" gomendatu zuten; bestela, hori ez egitearen erantzukizun juridikoa alkatearen gain geratuko zen. Hala, alderdi politiko guztiei abisatu ostean, udaletxeko eskuinaldeko leiho batean bandera txiki bat jarri zuen Udalak, alboan tamaina bereko ikurrin batekin.
Eraginak baretzeko ahaleginak
Aberri Egunaren ataritan, EH Bilduk gaiari buruzko oharra plazaratu zuen. Bandera "mehatxuen bidez inposatzea" salatu zuten, eta bi proposamen egin zituzten: Herriko Plazan masta batean lehentasunezko presentzia ematea ikurrinari –Bergaran bezala– eta udaletxean plaka bat jartzea, Espainiako bandera Espainiako auzitegiek inposatuta jarri dela salatzeko –Foru Aldundiaren egoitzan bezala–.
EAJren ekarpena
Oposizioko alderdi nagusiaren proposamena begi onez ikusi ostean, EAJk bi ekarpen egin dizkio ekimenari: ikurrina jartzeko erdiguneko lau leku proposatzea –Herriko Plaza, Biteri plaza, Seber Altube eta Jose Maria Arizmendiarrieta plaza– eta kokapena erabakitzeko parte hartze prozesu bat egitea. Momentu honetan, gainontzeko alderdiekin ari dira gaia lantzen, eta ez dute botaketarako data zehatzik finkatu.
Plaka jartzearekin ere ados agertu dira jeltzaleak, eta testu hau izatea adostu dute: Hona hemen ikurrina, udaletxeko bandera espainiarra ez bezala, herritarren gehiengo zabal baten borondatez jarria.
Alderdi politikoen balorazioa