Arrasateko Sortu: "Operazio berri honen aurrean erantzunik onena ziklo berriari bultzada ematea da"

Xabi Gorostidi 2018ko mai. 18a, 10:20

Guardia Zibilak egindako 'Zerga' operazioaren harira oharra kaleratu dute Barne Ministerioaren operazioa "gogor salatzeko" eta Enrike Letona arrasatearrari elkartasuna adierazteko. Gaur, 19:30ean, manifestazioa egingo dute Arrasaten, eta era berean, bihar Miribillan egingo den ekitaldi nazionalera joateko deia egin dute.

Hona hemen Arrasateko Sortuk kaleratutako oharra bere osotasunean:

"SORTUk gogor salatzen du Barne Ministerioak abiatu duen operazioa, eta elkartasuna adierazi nahi die kaltetutako guztiei. Bereziki gure herritarra den Enrike Letonari. Hau da Espainiar estatuaren erantzuna ETAren amaierari. Herri hau iraganera lotuta mantendu nahi dute euskal jendarteak aurrera egin nahi duenean. Gerra egiten jarraitzen dute euskal jendarteak bakea nahi duenean.

Ez da kasualitatea bizi dugun egoera politiko honetan berriro trabak jartzea. Horrela egin zuten duela 10 urte Ezker Abertzalearen estrategia galarazteko, baita ETAren armagabetzean eta orain ETAren desegitea ere trabatzen saiatu dira.

ETAk bere biolentzia erretiratu du definitiboki ekuazio politikotik baina, Espainiar Estatuak bere biolentzia erabiltzen jarraitzen du bere egitasmo politikoa inposatzeko. Beldur direlako eztabaida demokratikoari ez dutelako eskaintza demokratikorik, ez Euskal Herriarentzat ez eta Kataluniarentzat. Jakin badakitelako biolentziarik gabe euskal jendarteak eta kataluniar jendarteak luza gabe apustu egingo dutela estatu propio bat eraikitzearen alde.

Operazio berri honen aurrean erantzunik onena ziklo berriari bultzada ematea da. Ez dute lortuko ez Ezker Abertzalea ez euskal jendartea milimetro bat mugiaraztea bakearen eta askatasunaren aldeko apustutik. Bide horretan, urrats garrantzitsu bat emango dugu larunbatean Miribillako ekitaldian. Honela, dei egiten diogu ezkertiar eta independentista orori bihar, maiatzak 18, arratsaldeko 19.30ean egingo den  manifestazioan eta larunbatean Miribillan egingo den ekitaldian parte hartzera.

Erasoen gainetik BAIETZA SORTUZ!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak