Amaia Albesen jantziak, Arrasatetik Cannesera

Eneko Azurmendi 2018ko mai. 18a, 11:30
Amaia Remirez, Albesen jantzia soinean duela, Cannesko alfonbra gorrian. Argazkia: Kanaki ekoiztetxea.

Donostiako Kanaki ekoiztetxeak Un dia más con vida pelikula estreinatu berri du Cannesko Zinema Jaialdian, eta pelikularen ekoizleak, Amaia Remirezek, Amaia Albes diseinatzaile arrasatearraren soinekoa aukeratu du Europako zinemazaleei erakusteko.

Duela bi urteko Goya sarietan, Nagore Ezeiza kamerari laguntzaileak Amaia Albesen soinekoa eraman zuen jantzita. Emaitzarekin gustura gelditu, eta laguna duen Amaia Remirezi aholkatu zion diseinatzaile arrasatearraren soineko bat eramateko Cannesko Zinema Jaialdian. Halaxe egin zuen donostiarrak, eta Albesi deitu zion. Hala ere, filmean zentratuta zeudela eta, estilismo kontuak lantzeko denbora gutxirekin ibili ziren. "Esan zidan denbora gutxi izango zuela nirekin egoteko. Izan ere, topera dabiltza, filma han eta hemen aurkezten, eta asko bidaiatzen ari dira. Ni ere lan eta lan nabil, ezkontza garaia delako eta ezkongaiekin nabilelako buru-belarri. Beraz, tartetxo bat egin nion, nigana gerturatu zen eta hainbat soineko probatu genituen. Nik egokien ikusten nizkionak aholkatu nizkion eta bera ere gustura geratu zen".

Bat beharrean, bi soineko eraman zituen, badaezpada. “Zalantzan geunden bi soinekorekin, eta, nahiz eta bera batekin erosoago sentitu, aholkatu nion biak eramateko. Gero, estreinaldiaren ostean festa bat zutenez, agian, bestea janzteko aukera izango zukeela esan nion”, gaineratu du arrasatearrak.

Amaia Albes, bere atelierrean.

Albes pozik azaldu da Remirez janzteko aukera izateagatik. "Horrelako dei bat jasotzea beti da pozgarria. Nire jantziak halako alfonbra gorri batean ikusteak ez du preziorik. Gainera, eurekin lan egitea plazera izan da niretzat. Momentu oro aritu zaizkit kontatzen zer moduz ari diren, eta argazki mordo bat bidali dizkidate. Nahiz eta eurekin egoteko aukerarik ez dudan izan, gertu-gertutik bizi izan dut han izan duten esperientzia".

Goi mailako joskintzan

Apirileko azken asteburuan Balentziaga museoan egin duten joskintza ikastaro batean izan da Albes. "Curriculum asko aurkeztu zituzten eta gutxi batzuk besterik ez gintuzten aukeratu. Luxu handi bat izan da ikastaro horretan egotea Balentziaga teknika menperatzen duen goi joskintzako maisu batekin –Javier Martin–", adierazi du.

Arrasatearraren ametsa "aurrera" doa. "Egunero borrokatu behar da, baina oso pozik nago. Gustatzen zaidana egiten dut, eta pribilegiatua sentitzen naiz alde horretatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak