Urtean zehar landutako guztia kalera aterako du, lehenengoz, Arrasate Musikalek. "Ikasturte hasierako bileran, erabaki genuen antzoki eta aretoetatik kalera atera behar genuela gure musika, eta herrian ezagutzera eman", azaldu du Edorta Aiastuik, Arrasate Musikaleko ekintza arduradunak.
Familiaka antolatuko dira: perkusioa, haizea, haria, egurra eta metala, hain zuzen ere. Perkusiozko instrumentuak handiak direnez, Arbolapetan bakarrik joko dute, mugitu gabe, baina beste guztiak txoko ezberdinetan ariko dira. Abestiei dagokienez, orotarikoak izango dira, taldearen arabera.
Horrez gainera, Arrasate Musikaleko gaiteroek kalejira egingo dute Arbolapeta eta Monte taberna artean. Gero, taberna aurrean erakustaldia eskainiko dute. Bitartean, Monte tabernaren kanpoaldean bateria-jole bat ere izango da, giroa alaitzen.
Emanaldia bukatzean, instrumentuen inguruko azalpen batzuk emango dituzte, eta herritarrek aukera izango dute instrumentuak probatzeko.
Bihar, kontzertua
Bestalde, saxofoi eta gaita ikasleek kontzertua eskainiko dute bihar, zapatua, 12:00etan, Musika Eskolan.
Matrikulazio epe, zabalik
2018-2019 ikasturteko matrikulazio epea maiatzaren 21ean irekiko dute. "Aipatzekoa da musika tailerra, Suzuki biolin metodologia, gitarra elektrikoa, baxua eta bateria ere eskaintzen ditugula, eta helduentzako eskaintza ere badugu". Informazio gehiagorako, 943 77 05 40 telefonora deitu edo eskolara joan.