Alkideba Ointxe!-k etzi Gascan lehiatu gura du

Xabier Urtzelai 2018ko mai. 18a, 10:09

Senior gizonezkoen mailan lider amaitu duen talde arrasatearrak asteburuan jokatuko du Lauko Finala. Finalerdiak bihar, zapatua, arratsaldean Iturripen jokatuko dituzte, eta irabazleek Donostian izango dituzte finalak, domekan. Kadete mailako neskak, berriz, Huelvara doaz bihar, Espainiako Txapelketara.   

Gipuzkoako senior mailako talde onenak zein baino zein gehiago izango dira asteburuan, eta gainera, Lauko Finaleko finalerdiak Iturripen jokatuko dituzte bihar, zapatua. Eta, Ointxe! Alkideba, Zarauzko Zast, Donosti Dolphins eta Alde Zaharra taldeek jokatuko dute mailaz igotzeko fase erabakigarrian.

Finalak Gasca kiroldegian 

Bada, bihar 16:00etan Ointxe! Alkidebakoen txanda izango da; Zarautzeko Zast taldea izango dute aurkari. Ostean, 18:00etan, Alde Zaharra eta Donosti Dolphins taldeak izango dira nor baino nor gehiago, finalerako txartela lortzeko lehian. Hori horrela, Iturripeko kanporaketak gainditzen dituztenek jokatuko dute finala, domekan, 20:00etan, Gasca kiroldegian, Donostian. Ointxe!-k finala ikustera joateko autobusa jarriko du, baldin eta etxekoak finalerako sailkatzen badira. Autobusa, domekan 16:30ean abiatuko da Iturripetik, eta 2 euroko kostua izango du. Joateko interesa duenak idatz dezala, gaur, hona: ointxe@ointxe.eus.

Kadeteak Espainiako Txapelketara

Domekan jokatuko dute Huelvan Espainiako kadete mailako txapelketa, eta bertan izango da EAEn lehenengo postuan geratu den Ointxe! Araski taldea. Hala, Iñaki Ogararen neskek domekan (09:30) Movistar Estudiantes taldearen kontra jokatuko dute. Astelehenean, hilak 21 (09:30) Bosco Salesiano izango dute aurrean, eta martitzenean Sant Josep (11:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak