Foru Aldundiak Europako Proiektuen Bulegoa edo leihatila europarra zabaldu du tokiko erakundeentzat. Arrasatekoa da zerbitzu horren bidez, Europar Batasunaren laguntza erabiliko duen Gipuzkoako lehen udaletako bat. Errenteriak eta Eibarrek ere jaso dute aipatutako laguntza.
Gipuzkoako diputaziotik azaldu dutenez, leihatila europarraren bidez, proiektuak finantzatzeko (programak, funtsak,...) nahiz Europako beste lurraldeetako udalerri eta eskualdeekin aliantzak egiteko dauden aukerei,bideei eta erronkei buruzko informazioa eta aholkularitza eskaintzen die Aldundiak udal eta eskualdeei.
Europako Gizarte Funtsaren 2017ko laguntzen bigarren deialdira aurkeztu zuen Arrasateko Udalak Gaztelan proiektua. Proiektua onartua izan da, eta 572.989,28 euroko laguntza jasoko du Europatik. Laguntza horiek aurreikusita daude Gazte Enplegurako Programa Operatiboan, gazteak lan merkatuan era jasangarrian integra daitezen bultzatzeko. Maria Ubarretxenak zehaztu duenez, gastua 623.560 eurokoa izango denez, finantzazioa %91,89koa da.
Ubarretxenak esan du, Udalarentzat "oso garrantzitsua" dela gazteen enplegua sustatzea: "Egitasmo honen eskutik, gure gazteei prestakuntza ekintzak, praktika profesionalak, orientazioa eta laguntza ekonomikoa eskaini ahal izango dizkiegu, sektore hauetara bideratuta: sistema elektromekanikoen muntaia eta konponketa, nekazaritza eta elikagai industria".