Natura jolas-leku aproposena dela erakusteko eguna

Xabi Gorostidi 2018ko mai. 14a, 11:53

Zapatu honetarako Naturan Jolasean eguna antolatu du Txatxilipurdik, Besaide M.E.rekin, Gaztetxeko Guraso eta Haur Asanbladarekin eta Leintz Eskola Kirola elkarteekin batera. Monterron jolas-leku erraldoi bilakatuko duen egitaraua prestatu dute horretarako, ginkanekin, oihal akrobaziekin edo jolas libreekin, besteak beste.

Jai egun hau antolatzeko arrazoiei buruz zera azaldu dute Txatxilipurdiko kideek:

"Ikerketek eta berezko esperientzia pertsonalek erakusten dute gaur egungo haurrek eta familiek natura behar dutela. Gero eta kontaktu txikiagoa eta azalekoagoa dugu naturarekin eta joera honek eragin kaltegarriak ditu gure haurren eta familiengan. Natura ordezkorik ez duen osasun, ongizate, ikasketa eta sormen iturri agorrezina da. Interakzio zuzena funtsezkoa da zentzumenen eta adimenaren garapenerako; baita garapen sozial eta afektibitatearentzako ere".

Eguneko ekintzen epizentroa Monterron izango da, Txatxilipurdiko eragileen ustez, "arrasatearrok gutxi erabiltzen dugulako".

Hau izango da, beraz, maiatzaren 19rako prestatu duten egitaraua:

  • 10.30-12.30 Ginkana. Herriko Plazan hasita Santa Barbara parkean burutuko da.
    Ginkanaren helburua jolasa medio, Arrasateko espazio naturalak jolaserako baliatzea
    izango da. Ginkana hau Leintz Eskola Kirola, Besaide M.E. eta Txatxilipurdiren artean
    dinamizatuko dugu.
  • 15.00etan Monterronen JOLAS LIBRE ETA ESPONTANEORAKO gunea.
    Monterronek eskaintzen duen espazio naturala aprobetxatuta eta bestelako material
    natural batzuk gehituta jolas libre eta espontaneoaz gozatzeko aukera izango da. Jolas
    gune honetan material desberdina egongo da parkean zehar eta helburua haurrek modu
    librean hauek erabili eta jolastea izango da. Hainbat bidelagun egongo dira parkean zehar
    baina printzipioz ez dute haurren jolasa gidatuko.
  • 16.00etan Monterronen oihal akrobazia. Arrasateko gaztetxeko kideen laguntzarekin oihal akrobazia praktikatzeko aukera izango dugu.
  • 17:00etan Monterronen Gaztetxeko Haur eta Guraso Asanbladaren eskutik 0-6 urte bitarteko haurrentzat, Txikiginkana, Jolas txokoak, Sorpresak… izango ditugu.

"Behar anitzak dira gaur egun ditugunak eta horiek naturarekin harremanetan asetzeko egitaraua osatu dugu; jolasa, hausnarketa, gozamena, sormena, emozioak … denak uztartzeko parada izango dugu. Aurretik aipatu bezala, natura pertsonon garapen integralerako iturri agorrezina delako eta berau zaindu
eta maitatzen jarraitzeaz gain, beronekin dugun harremana berreskuratu behar dugulako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak