Asteburu betea dator Dragoiko gimnastentzat

Eneko Azurmendi 2018ko mai. 10a, 16:36
Sorian ariko diren Nahia Irazola, Noah Berrocal eta Izaskun Garcia. Argazkia: Arrasate Dragoi Gimnasia Taldea.

Hainbat hitzordu dituzte asteburuan Arrasate Dragoi Gimnasia Taldeko gimnastek: Espainiako Gimnasia Aerobikoko Txapelketa Sorian, Gipuzkoako Eskolarteko A eta B mailetako txapelketa Azpeitian eta San Isidro jaietako erakustaldia Musakolan.

Asteburu betea izango dute Arrasate Dragoi Gimnasia Taldeko gimnastek. Batetik, Espainiako Gimnasia Aerobikoko Txapelketa jokatuko dute zapatuan Soriako Pajaritos kiroldegian, 10:00etatik aurrera. Estatu mailako 300 gimnasta inguru batuko dira txapelketa horretan eta lau gimnasta arrasatearrek ere hartuko dute parte. Hirugarren mailan ariko dira. Uxue Azkue bakarka lehiatuko da eta Izaskun Garciak, Nahia Irazolak eta Noah Berrocalek hirukotea osatuko dute. Taldeko entrenatzaile Edurne Elkorok adierazi du maila handia dagoela Espainiako Txapelketan, eta "disfrutatzeko helburuarekin" joango direla. "Gimnastek esperientzia bizi izatea da lehentasuna".

Bestalde, domekan, Gipuzkoako Eskolarteko A eta B mailetako txapelketako finalak jokatuko dira Azpeitiko kiroldegian, 10:00etan hasi eta egun osoan. Kimuak eta infantilak lehiatuko dira, bakarka eta taldeka; B mailakoak goizean eta A mailakoak, berriz, arratsaldean. Talde arrasatearretik honako hauek hartuko dute parte, guztiek ere goizean: kimuen B mailan, Liyanis Alonso eta Miren Miguelez bakarka ariko dira, uztaiarekin; eta infantilen B mailan, Nora Marko ere bakarka ariko da, pilotarekin.

Azkenik, asteburu honetan Musakola auzoko San Isidro jaiak ospatuko dituzte, eta, urteroko ohiturari jarraituz, erakustaldia eskainiko dute kiroldegian Dragoi taldeko kideek, 11:30etik aurrera. Hori horrela, taldeko gimnastak gazteenek, 5 eta 14 urte bitartekoek, urte osoan egindako lanak herritarrei erakusteko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak