Aurreko hilabeteetan igeriketa eta autodefentsa ikastaroetan murgilduta ibili eta gero, “ArraSasoi: hamabi hile, hamaika gai” programa ibilaldi batekin dator maiatzean. Nordic Walking edo Ipar Martxa ibilaldi batekin hain zuzen ere. Ibiltzeko modu hau, hankei ez ezik, besoei eta orokorrean soinaren goiko alde osoari eragiten dion ibiltzeko modua da.
Jarduera hau praktikatzeko berariazko bi makil behar dira. Mugitzeko era berria da, esan bezala, gorputz osoari eragingo diona; atsegina, leuna eta aldi berean oso eraginkorra, giharren indarra, bihotza, koordinazioa eta mugikortasuna areagotzen dituena. Aurreko urteetan kurtsoak eman izan dira Musakolako kiroldegian eta herrian geroz eta jende gehiago da Ipar Martxa praktikatzen duena. Hori horrela, oraingoan 20 bat pertsonako taldea elkartu eta herriko hainbat puntu adierazgarritatik pasatuz, ibilaldia antolatzea erabaki du Udaleko Kirol Sailak.
Eguna, maiatzaren 20 izango da, igandea, eta ordua, goizeko 10:30; Musakolako kiroldegia izango delarik irteera puntua. Eta ibilbideari dagokionez, honako hau izango da: Musakola, Monterron (bidegorri de paseotik joanda), Bizkaia Etorbidea, Meatzerreka, San Balerio, San Kristobal (OMU atzeko aldapatik igo eta hilerritik pasata), Monterron eta berriz ere Musakolara. Guztira 6 kilometro pasatxoko ibilbidea.
Gainera, eta ibilbide nahiko erraza bada ere, kontutan hartu behar dugu Nordic Walking-ak dituen teknika ezberdinak praktikan jartzeko aukera izango dugula, aldapak gora eta behera, pistak, errepidea edota
belarditik pasatzeko aukera izango baitugu ibilbide honetan, horregatik nozio basikoak ezagutzea komeni da ibilaldi honetan parte hartzeko.
Ibilaldi honetan parte hartu nahi duenak Musakolako Kiroldegian eman beharko du izena. Doakoa izango da baina p plaza mugatuak direla kontuan izanda, lehenbailehen izena ematea komeni da. Bestalde, jakin, Ipar Martxa praktikatzeko materiala ez duenak, eskuragarri izango duela kiroldegian. Animatu eta parte hartu.