Aspaldiko partez, NCC Arrasateko gaztetxeko agertokian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko api. 29a, 15:22

Orain dela bost urte jo zuen Nuevo Catecismo Catolico taldeak azkenekoz Arrasaten, eta atzo egin zuten kontzertuan nabari zen zaleen eta talde kideen gogoa eta ilusioa. Hasieratik poltsikoratu zituzten 200 ikusleren aurrean, 25 urtetako ibilbidea gainbegiratu zuen Donostialdeko taldeak.

AGAKOren urteurreneko egitarauaren barruan proposatutako emanaldia izan zen atzokoa. Orain dela gutxi arte Santanderreko Soul Gestapo izena zuen taldetik sortutako Aitor Ochoa & Mad Mule taldeak zabaldu zuen gaztetxearen gabeko eskaintza. "Eskarmentu handiko musikariak dira. Soul Gestapo izena zutenean, punketik oso gertu dagoen rock gogorra egiten zuten, oraingoarekin, baina, rock amerikarra eta oso gitarreroa da egiten dutena. Datozen asteetan kaleratuko duten lanaren aurkezpen kontzertua izan zen atzokoa. Ordubete inguruan, kalitate handiko emanaldia eskaini zuten. Oso gustura jardun zuten, halaxe adierazi ziguten bukatu zutenean, eta publikoa ere taldearekin oso bat zegoen", kontatu du antolatzaile taldeko kide Iker Barandiaranek.

25 urtetako kantuak erreskadan

Gau erdia zen NCC-koak agertokira igo orduko. Laukote formatuan izan ziren atzokoan: Gonzalo Ibañez (ahotsa), haren anaia Arturo gitarrarekin, Arturo Zumalabe bateria-jolea eta Beñat Irureta baxuarekin. Dena eman zuten hasieratik, eta jarrera eta gogo bera jaso zuten zaleen partetik. Gezurra zirudien Gonzalo abeslaria Bilbon beste kontzertu bat emanda etorri zela Arrasatera.

Urteak daroate diskorik atera barik, eta iaz 25 urte bete zituztela eta ibilbide osoko kantuak batu zituzten CD bikoitzean, eta bide horretatik egin zutela dio Barandiaranek, atzoko kontzertua: "Zaleen gustuko kontzertua egin zuten. Kantu ikur asko jo zituzten; horien artean: Detras de tu mirada; Prefiero estar en el suelo; En llamas, Noise Noise... Eta horiez gainera, La Perrera , hau da, NCC sortu aurretik Ibañez anaiek zuten taldearen hiru kantu ere bai! Oso sasoi onean daudela erakutsi zuten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak