Liderraren etxean irabazi gura du MUk denboraldiko azken partidua

Eneko Azurmendi 2018ko api. 27a, 11:36
MUk Iturripen CD Estelaren aurka jokatu zuenekoa. Iker Barbero baloia jaurtitzen, lau aurkariz inguratuta.

Sailkapenean lehenengo postuan dagoen CD Estela taldea izango dute aurkari Iñaki Ogara Arri-ren mutilek bihar, zapatua, 19:00etan; kikildu ordez, garaipen batekin bukatu gura du denboraldia entrenatzaileak: "Euren festa ekiditen saiatuko gara".

Berez, ez du mailari eusteko inongo aukerarik Mondragon Unibertsitateak. "Federazioaren dokumentuei erreparatuz gero, bost talde jaitsiko lirateke, baita koefiziente txarrena duen seigarrena ere, kasu honetan, gure multzokoa izango litzatekeena", azaldu du Arri-k. Hala ere, onartu du azken urteetan ez dela sekula hori bete, eta gaineratu du dagoeneko inork ez duela hori sinesten. "Azken urteetan, EBA maila Espainiako Federazioaren proba-banku bihurtu da. Jokalariek ere ez dute sinesten jaitsieran, eta horrek balioa kentzen dio ligari".

Entrenatzaileak esan du urtero berritu egiten dutela liga eta talde desberdinak izaten direla. "Aurten, hamasei talde izan gara, baina, agian, datorren urtean hogei izango dira. Ez dakigu EBAn jarraituko dugun edo ez".

Kontuak kontu, itxura ona emanda eta liderraren etxean irabazita bukatu gura du denboraldia Arri-k. "Irabazten badigute, automatikoki igoko dira. Festa bat dute prestatuta, baina hori ekiditen saiatuko gara"

Udalekuetako izen-ematea, zabalik

Aurten ere umeentzako udalekuak antolatu ditu Ointxe!-k, eta dagoeneko izena emateko aukera dago, 629 80 47 82 telefonora deituta edota ointxe@ointxe.eus helbidera mezua idatzita. Bi udaleku izango dira, Eneko Mataren gidaritzapean. Izena emateko azken eguna ekainaren 10a izango da bietan.

Batetik, Arrasateko udalekuak ekainaren 26tik 30era izango dira, 10:00etatik 18:00etara. Izen-ematea 55 euro izango da, etxean bazkalduta; 95 euro, campusean bazkalduta. LHko hirugarren mailatik DBHko laugarren mailara arteko ikasleei zuzendutakoak izango dira.

Bestetik, Orioko udalekuak uztailaren 9tik 15era izango dira eta izen-ematea 295 euro da. LHko bosgarren mailatik DBHko laugarren mailara arteko ikasleei zuzendutakoak izango dira.

Kadete nesken lauko finala, Iturripen

Kadete mailako nesken Ointxe Araski taldeak lehenengo postuan bukatu du A1 taldea, eta Euskal Liga irabazteko lauko finala jokatuko du asteburu honetan Iturripe kiroldegian.

Finalaurrekoa Easo Bankoa taldearen aurka jokatuko dute arrasatearrek bihar, zapatua, 12:30ean. Denboraldi honetan elkarren aurka jokatuko duten bosgarren partidua izango da eta aurreko lauretan nahiko erraz nagusitu da Ointxe Araski –74-85; 72-52; 61-81; 76-46–. Gainera, arrasatearrak sasoi bikainean iritsi dira denboraldi amaiera honetara. Hala ere, ikusi egin beharko da zer gertatzen den biharko partiduan.

Beste finalaurrekoa Loiola Indautxuk eta Gernikak jokatuko dute, bihar, 10:15ean. Finala domekan izango da, 12:15ean.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak