"Goikobalu Bartzelonara doan bigarren aldia izango da hau"

Eneko Azurmendi 2018ko api. 27a, 12:28
Juan Antonio Barriocanal, abesbatzaren gelan.

Goikobalu abesbatzak Barztelonara egingo duen bidaiaren inguruko xehetasunak eman ditu Juan Antonio Barriocanal abesbatzako presidenteak. Sant Climent de Llobregat herrian kontzertua eskainiko dute bihar, 20:00etan, herriko abesbatzarekin batera.

Elkartruke bat egingo duzue. Noiz sortu zen ideia?

2015ean. Orduko hartan, joateko data jarrita genuen, baina, azkenean, plana alde batera utzi behar izan genuen. Izan ere, Bartzelonan aste kultural bat egitekoak ziren, baina Udalean alkate aldaketa egon zen eta Ada Colauk bertan behera utzi zuen aste kultural hura.

Orain, berriz heldu diozue orduan gauzatu ezin izan zenutenari.

Hori da. Gestio guztiak egin ostean, dena prest daukagu Bartzelonarantz abiatzeko.

Lehen aldia da Goikobalu Bartzelonan izango dena?

Iñaki Maidagan abesbatzako zuzendariak adierazi duenez, 90eko hamarkada hasieran izan ziren Bartzelonan, hirian bertan. Beraz, bigarren aldia izango da hau.

Zein da plana?

Bihar goizean irtengo gara Arrasatetik autobusez, 07:00etan, eta eguerdirako bertan egotea espero dugu. Villadecans herrian dugu hotela, Sant Climent de Llobregatetik lau kilometrora. Kontzertua 20:00etan izango da, elizan, meza nagusiaren ostean. Ondoren, hango abesbatzarekin batera afalduko dugu, eta domeka libre izango dugu, Bartzelona bisitatzeko edota herria bera ikusteko. Astelehenean itzuliko gara, bazkaltzeko Tuteran geldialdia eginez.

Kontzertuari dagokionez, bi abesbatzek kantatuko duzue?

Lehenik, haiek abestuko dute, eta ondoren, guk. Bukatzeko, bi abesti kantatuko ditugu elkarrekin, Agur jaunak eta haiek aukeratutako bat, katalanez.

Zenbat kide izango zarete bidaian?

Guztira, 41 pertsona joango gara. 35ek abestuko dugu eta sei laguntzaile izango ditugu. Izatez, 55 bat kide gara abesbatzan, baina sekula ez gara guztiok batzen. 25 eta 85 urte bitarteko kideak ditugu abesbatzan, baina kide gehienek 45 urte inguru dituzte.

Eta haiek noiz datoz hona?

Ahal dutenean. Zapatu gauean egingo dugun afaria haiek ordainduko digute, eta, bueltan datozenean, guk haiei ordaintzea adostu dugu

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak