2009an eskaini zuen lehen kontzertua Arrasate Musikaleko orkestrak, Udaberriko Musikaldian. Orduko hartan ere bakarrik egon ziren oholtza gainean. Hala ere, orduz geroztik, Goikobalu abesbatzaren laguntza izan dute urtero. Aurten, hasierako formatura itzultzea erabaki dute. "Egitarau asko egin ditugu elkarrekin. Haiek beste proiektu bat zuten aurkezteko eta guk ere formatua aldatzea erabaki dugu aurten, urtero gauza bera ez egiteagatik. Baina, agian, datorren urtean berriz elkartuko gara", azaldu du Iker Olazabalek, Arrasate Musikaleko orkestrako zuzendariak.
Kontzertua bihar izango da, 20:00etan, San Frantzisko elizan, eta hiru egileren bost obra eskainiko ditu orkestrak. Hiru egile horietako bat euskalduna da, Fernando Velazquez. "Oso ospetsua da, film askotako soinu bandak egin ditu eta", azaldu du Olazabalek. Hain zuzen ere, Velazquezenak izango dira bostetik hiru obra: El guardián invisible, Lo imposible eta El hombre esponja.
Lehenari dagokionez, "berezia da, musikak intriga adierazten du. Gainera, hemengo kultura presente dago, basajauna eta hemengo mitologiako pertsonaia batzuk ere agertzen direlako".
Lo imposible pelikulako soinu banda, pelikula bera moduan, tristea da, eta emozioak sortzea du helburu. "Musika oso tristea eta hunkigarria da, barruraino iristen den horietakoa. Hemen, Igor Egiron bakarlari izango dugu, txeloarekin".
Velazquezen azkena El hombre esponja izango da, entzulea fantasiara eramaten duena.
Laugarren obra Acuarelas de Irlanda da. "Film baterako konposatuta zegoen, baina, azkenean, orkestrarako suite bat atera zuen Alejandro Romanek. Irlandako paisaiak irudikatzen dira". Roman madrildarra da, eta Madrilgo goi mailako kontserbatorioan dihardu, irakasle.
Azkenik, Arturo Marquez mexikarraren Danzón número 2 lana eskainiko du orkestrak. "Oso ospetsua da obra hori. Mexikarren bigarren ereserkia moduan da, oso entzuna", azpimarratu du Olazabalek.
50 kideko orkestra
Gaur egun, 50 kidek osatzen dute Arrasate Musikaleko orkestra, eta, zuzendariak adierazi duenez, geroz eta proiektu egonkorragoa da. "Aurrerapen handiak egin ditugu orkestra moduan, eta jarraitzen dugu hobetzen. Ilusio aldetik ere, hasieran bestekoa edo handiagoa dugu. Elkarlana oso ona da eta pozik gaude egiten dugunarekin".