Itxuraldatzea eta estaltzea helburu

Xabi Gorostidi 2018ko api. 25a, 18:42
Parke berria nola geratuko den erakusteko diseinua.

Itxaropena parkea goitik behera aldatuko dute: belardi batzuk kendu egingo dituzte, estalpe handi bat izango du, eta eskailera alboko belardian bi txirrista. Lanak 262.226 euro kostatuko dira, eta ekainean hasi eta azaroan bukatzea da asmoa.

Zaldibarren, Munarren, Gorostizan, eta Biterin dauden jolas parkeak berritu ondoren, laster Itxaropena plazakoaren txanda izango da. Bi ziburu, haurrentzako hainbat arrisku eta aterperik ez duen jolas-parkea da gaur egun. Euria badago, edo eguzkiak gogor jotzen badu, parkea ez da erabilgarri izaten. Jolaserako ziburu gutxi ditu eta parke erdian dauden harrizko belardiak arriskutsuak dira haurrentzako.

Jolas-parkea berritzeko beharra ikusita, ideia lehiaketa bat jarri zuen martxan Udal gobernuak, eta bertan batutako hainbat ideiekin idatzi du proiektuaren txosten teknikoa Bidein ingeniaritza enpresak. "Ideia lehiaketako irabazleek lan oso txukuna egin zuten, eta hori izan dute oinarrian txosten teknikoa egin dutenek" azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.

Aldaketa ugari

Parke berriak estalpe handi bat izango du; zuria, eta more koloreko borobiltxoekin. Horrez gain eguzkia edo euria albo batetik sartzea saihesteko sare edo oihal moduko bat ere izango du. Ziburuentzako leku gehiago izateko gaur egun dauden harrizko belardietako batzuk desagertu egingo dira. Estalpe barruko lurra kautxozkoa izango da, eta askotariko ziburuak egongo dira: salto-salto bat, bi txirrista eta bertara igotzeko sareak izango dituen egurrezko ziburu bat, tilin-talan bat, eta erle eta kokodrilo formako beste bi ziburu ere bai.Erguin kaletik parkera sartzeko eskailera batzuk daude, eta horien alboan bi txirrista jarriko dira, ideia lehiaketako irabazleek proposatutako legez.

Irudia: Parkeak egun duen itxura

"Lanak maiatza bukaeran edo ekainean hastea espero dugu, eta bost hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da" azaldu du Ubarretxenak.

Parkea, zenbakitan

294.957 euroko –BEZ gabe– prezioa onartu zen lanak esleitzeko plegutan, eta 262.226 euroan –BEZ gabe– esleitu zaizkio Altuna y Uria enpresari. Guztira zazpi enpresa aurkeztu dira parkea berritzeko lehiaketa publikora.

Nao Santiago eta Kurtzetxiki

Udal gobernuak txosten tekniko bat izan du oinarrian, berritu beharreko jolas-parkeen ordena aukeratzeko orduan. "Aurreko legealdian egin zen txosten hori, 2012an. Parke guztien beharrak jasotzen zituen, eta baita hauen erabilpen-maila ere. Guk txosten hori jarraitu dugu, berritu beharreko hurrengo parkea zein den erabakitzeko" azaldu du Maria Ubarretxenak.

Makatzenakoa berritze prozesuan dago une honetan, eta Itxaropenako lanak laster hasiko dira. Berritzen hurrengoa Zigorrola auzoko Nao Santiago kalekoa izango da. "Bertan ezin da estalperik jarri, etxebizitzak oso gertu daudelako, beraz, dauden ziburuak berriztuko ditugu". Horren ostean, San Andres auzoko Kurtzetxiki parkeko ziburuak ere berriztuko dituzte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak