San Andres auzoko jaiak, indarberrituta

Xabi Gorostidi 2018ko api. 25a, 10:11

Duela bi urte jai batzordea desegin ostean, iaz batzorde berria sortu zuten auzoko jaiekin jarraitzeko. Ilusioz eta gauzak ondo egiteko gogoz hartu zuten lekukoa, eta musikaz eta haurrentzako ekintzaz jositako egitaraua prestatu dute.

Etorkizunera begira soka luzea izango dute San Andreseko jaiek, hein handi batean, jai-batzorde berritua dagoelako auzoan. "Duela bi urte, arazo batzuk egon ziren azken urteetan jaiak antolatu zituen lan-taldean, eta  jai batzorderik gabe geratu ginen. Jai batzorde berri bat eratuz gero, Udala dirua jartzeko prest egongo zela jakinarazi zigun Jose Luis Etxebarriak, Porru-k, eta horri ekin genion".

Tabernari batzuk hasi zuten lan-taldea osatzeko zeregina, eta handik gutxira hamar laguneko taldea osatu zuten. "Aurten gutxiago gara, baina praktikoagoa da lan egiteko. Hainbat erabaki hartu beharra dagoenez, lan talde murriztuago batekin errazagoa da guztia".

Lehen aldian lezio ugari

Hanka-sartzeetatik ikasi egiten da bizitzako hainbat egoeratan aplikatu daitekeen esaldia da, baita jaiak antolatzeko unean ere. "Iaz antolatu genituen jaiak lehen aldiz, eta asko ikasi genuen; batez ere, koordinazioa ezinbestekoa dela. Gure kasuan, Porru bezalako beterano baten laguntza ezinbestekoa da, baimen eta segurtasun kontuetan esperientzia zabala duelako. Etxafuegoak, bigantxak edo nagusien bazkarirako baimenak lortzeaz bera arduratzen da".

Arrasateko Udalaren laguntzarekin osatzen dute aurrekontuaren zati handiena, baina badaude ekarpenak egiten dituzten beste eragile batzuk. "Tabernek, komertzioek, eta auzoko atarteek ere dirua jartzen dute. Tabernen kasuan, ekarpenak handiagoak dira, jaietan zehar diru sarrerak handitzen dituztelako. Horrez gain, iaz soberakin txiki bat izan genuen, eta aurtengo ekitaldian erabiliko dugu".

Haurrak eta musika

Bi aspektu hauek lehenetsi dituzte jaietako egitaraua prestatzeko. "Gazte eta helduentzako parranda giroa ziurtatuta dago tabernekin, beraz, haurrak eta ekintzak musikalak indartu nahi izan ditugu. Haurren kasuan, Gazte Txokoko kideei eskerrak eman nahi genizkieke, laguntza handia ematen digutelako. Musikari dagokionez, bi kontzertu garrantzitsu izango ditugu; Governors eta Sonakay taldeenak. Esfortzu handia egin dugu bi talde hauek ekartzeko, baina ziur gaude jende asko erakarriko dutela".

Astebururako eguraldi iragarpena eskas samarra dela ikusita, neurriak hartuko dituzte. "Beharrezkoa bada, Udalara igoko gara arrautzak jartzera, eguraldi ona erakartzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak