Beldur apur batekin hasi du partidua Ford Mugarrik eta zarauztarrak aurretik jarri dira (4-8). Hala ere, arrasatearrak ez dira partidutik irten, eta atsedenaldira hiru goleko aldearekin iritsi dira (15-12). Bigarren zatian uneoro aurretik joan da Ford Mugarri, eta bukaeran Txikipolit ZKE-k markagailua makilatzea lortu badu ere, nahiko garaipen erosoa lortu dute arrasatearrek.
Josu Herrero taldeko kapitaina gustura azaldu da garaipenarekin. "Zarautzen aurka ligako bi partiduak galdu ostean, bagenekien hau ere zaila izango zela. Baina, aurrekoan ere esan nuen taldea oso ondo iritsi dela denboraldi amaiera honetan eta hori argi geratu da", adierazi du.
Etxean jokatzea eta Iturripe horrela ikustea "plazera" dela aitortu du Herrerok. "Gazteak eta gazteak ez direnak, guztiak gu animatzen ikusteak hunkitu egiten du".
Lehen Maila Nazionalera igotzeko faseari dagokionez, "disfrutatzera" joango direla dio. "Igotzen bagara, ondo, baina disfrutatzea izango da lehentasuna. Bagenekien batzuentzat azken denboraldia izango zela, eta eskubaloia modu honetan uztea bezalakorik ez dago. Beraz, pozik nago".