Finalerako sailkatzeko 2. fasea jokatu dute gaur Uarkape pilotalekuan, eta Dragoi Taldeko Edurne Elkoro "pozik" azaldu da; bai ikusleen erantzunarekin, eta baita gimnastek erakutsitako mailarekin.
"Jende dezente gerturatu da, eta pozgarria da guretzako. Gimnastei dagokionez, maila ona eman dute, eta horren erakusle da finalean izango duen ordezkaritza".
Alebin –10 eta 12urte bitartean– eta infantil –12 eta 14 urte bitartean– mailako gimnastak aritu dira lehian, bakarka eta baita taldeka. Arrasatearren kasuan hobeto moldatu dira bakarkako saioetan, taldekoan baino. Alebinetan, bakarako saioetan Liyanis Alonso bigarren izan da, eta Miren Miguelez, aldiz, hirugarren. Hala, biak ala biak maiatzaren 13an Azpeitian jokatuko den Gipuzkoako finalean arituko dira.
Azpeitirako sailkatzea lortu duen hirugarren arrasatearra Nora Marco izan da. Infantil mailan bigarren izan da bakarkako modalitatean, eta hori dela eta poltsikoratu du Azpeitian egiteko txartela.
Eguna guztiz borobiltzeko taldekako proban finalerako sailkatzea faltako litzake, baina tamalez, ez da posible izan. Lehen bosten artean sailkatu beharra zegoen horretarako, baina arrasatearrak zortzigarren postuarekin konformatu behar izan dira.
Arratsaldean benjamin mailako gaztetxoen erakustaldiak egingo dituzte Uarkapen.