"80 pandero ikasle ditugu eskolan, eta zerbait berezia egiteko gogoa genuen. Hala, bakarkako emanaldiak egitea erabaki genuen, eta 10 ikasle animatu dira parte hartzera. Binaka edo hirunaka askoz ikasle gehiago animatuko ziren, baina gaur jo dutenak ausartak izan dira, eta errepikatzeko gogoz geratu dira" azaldu du Maixa Lizarribar Trikitixa Eskolako irakasleak.
Saio hasieran Kulturate erdi beteta bazegoen ere, amaieran jendez goraino egon da. Ainara Saizar eta Xabier Etxaniz pandero joleen bisitarekin hasi dute saioa. Solasaldia egin dute eskarmentu handiko pandero-joleekin, eta saio amaieran abesti pare bat jo dituzte denek batera. "Mundiala izan da, eta etxeko salan bezala sentitu gara guztiak" azaldu du Lizarribarrek.