Ointxe!-ko harrobiko taldeak denboraldi borobila egiten ari dira, eta horren erakusle dira kadete mailako taldeek eskuratu dituzten emaitzak.
Mutiletan, A2 taldeko lider bukatu dute denboraldia arrasatearrek, azken partiduan Iraurgi taldeari irabazita. Iraurgik mailari eusteko helburua lortuta zeukan aurrez, eta beste lasaitasun batekin jokatu zuten. Hori baliatuta, 60-56 irabazi zuten Ointxe!-ko mutilek, eta, emaitza hori lortuta, datorren denboraldian Euskal Ligan jokatzeko txartela eskuratu dute.
Ointxe-Araski
Kadete mailako nesken OintxeAraski taldeak, berriz, lehenengo postuan bukatu du A1 taldea, eta lauko finala jokatuko du apirilaren 28an eta 29an, Iturripen. Euskadiko txapela irabaztea izango dute helburu arrasatearrek, eta, etxean jokatuta, motibazioa are handiagoa izango da. "Gogorra izango da lauko final hau, baina gogotsu prestatuko dugu eta disfrutatzera aterako gara", azaldu du Iñaki Ogara Ortiz de Arrik, taldeko entrenatzaileak. Horrez gain, maiatz bukaeran, Espainiako Txapelketa jokatuko dute, Huelvan.
Alkideba-Ointxe
Azkenik, seniorretako bigarren taldeak, Alkideba-Ointxek, igoerako faserako –lauko finala– txartela lortu du. Liga erregularra amaitzeko hiru partiduren faltan, lider daude. Bihar, zapatua, jokatuko dute Tolosan, Take Orbela taldearen aurka, 16:00etan. Lauko finala, berriz, maiatzaren 5ean jokatuko dute.