Batetik, ikasturteko azken ludoteka ibiltaria egingo dute zapatuan San Andres auzoan; 10:30etik 13:30era bitartean egongo dira bertan. Eta Arimazubi plazan finkatu dute hitzordua. Ostean, hainbat jolas egingo dituzte auzoan. Txatxilipurdikoek 3 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoak gonbidatu dituzte hitzorduan parte hartzera.
Urban fest!, domekan
Bestetik, gaztetxekoek nerabeentzako ekintza antolatzeko erronka bota zieten Txatxilipurdikoei. Eta hori onartuta, Urban Fest! ikuskizuna egingo dute domekan gaztetxean bertan, 18:00etan hasita. "Euren abileziak ikusarazteko aukera izango dute nerabeek. Jendeak jakin dezan eurek ere berezko dutela talentu sortzailea", diote Txatxilipurdiko kideek.
Hori horrela, bost ikuskizun egongo dira ikusgai, eta nork bere alorra landuko du: beat box-a, shuffle-a, olerki errezitaldia, parkour saioa eta komunikatu feministaren irakurketa –dantza egin ostean–. Eta parte hartzaileek emanaldiok prestatzen jardun dute azken hilabeteetan, buru-belarri. Horretarako espazioa izan dute gazte txokoan.