Arrasateko etxez etxeko langileek lan baldintza "duinak" aldarrikatu dituzte

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko api. 19a, 09:52
Etxez etxeko laguntza langileak Arrasaten egindako elkarretaratzean, atzo. (Argazkia: ELA)

Herriko plazan elkartu ziren Arrasateko UTE CLECE Zaintzen enpresako langileak, ELA eta LAB sindikatuen babesarekin. Lan baldintza "duinak" eta "lan-hitzarmen propio bat" aldarrikatu dituzte elkarretaratzean bildutako langileek. Azaldu dutenez, langileen %65aren lan-jarduna %60a baino baxuagoa da, ondorioz 700 euro azpitik dauden soldatak dituztelarik. Bestalde, gogora ekarri nahi izan dute sektoreko langileen gehiengoa emakumezkoak direla.

Arrasateko UTE CLECE Zaintzen enpresako langileen aldarrikapen testua

Arrasateko UTE CLECE Zaintzen enpresako langileak urteak daramatzagu gure lan baldintzak duintzearen alde borrokan. Egun, etxez etxeko laguntzako hitzarmen estatala aplikatzen zaigu, horrek esan nahi duenarekin:
• 1755 ordu urtean,
• plantilaren %65a %60ko jardunaldia baino baxuagoarekin gaude; hau da, 700 euro baino gutxiagoko soldatak irabazten.

Ez da kasualitatea sektore feminizatu bateko langileak garela eta bide honetan, ez dugu ahazten emakumezkoek gizonezkoek baino %25 gutxiago irabazten dugula. Gizarte honen borroka emakumezkoen eta gizonezkoen arteko soldata arrakalari aurre egitea bada, negoziazio hau adibide garbia da kalitatezko enpleguaren aldeko politikak egiteko eta arazoa errotik heltzeko.

CLECE enpresa daukagu negoziazioan aurrez aurre, Arrasaten 2013tik zerbitzua gestionatzen duen enpresa. Errealitate mardula izan dugu enpresa honekin eta bere eguneroko praktika regresiboekin: nominak gaizki ordaintzea, aparteko ordainsariak gaizki ordaintzea, hitzarmena ezbetetzea...eta gainera, gogoratu behar dugu oraindik ere aldi baterako langileak garela, langile finkoak izan beharko genukeenean -nahiz eta urtetan bertan lanean egon-.

Lau urtetan bilerak, saiakerak eta mila esfortzu egin ostean eta Udalak zerbitzua lehiaketara atera behar duen unean, CLECErekin negoziatzen hasi gara, baina enpresa honek negoziaketa guztiz blokeatu du. Ez dugu onartuko urte askoan bidean galdu ditugun eskubideak CLECEk bere gain hartzea eta diru publikoarekin negozioa egitea.

Bitartean, Udalak egoeraren aurrean beste aldera begiratzen du. Izan ere, Udal honek onartuko al du herritar guztion diruarekin langileen kontura enpresa aberastea? Udal ordezkariek langileak babestu behar dituzte, eta ez mota honetako enpresak. Guk argi daukagu: zerbitzua azpikontratatu dute, baina ardura ezin daiteke azpikontratatu eta horretan giltzarria Udalak dauka.

Gure eskakizunak argiak dira, Arrasateko etxez etxeko laguntzako langileok gure lan esparru propiora eraikitzeko enpresa hitzarmena behar dugu, bizi dugun prekarietateari eta egiten dugun lanari balioa eman eta kalitatezko zerbitzu bat herriari eskaini ahal izateko. Mobilizazioekin jarraituko dugu guk merezi dugun hitzarmena lortu arte eta Udalari eskakizun garbiak luzatu nahi dizkiogu: erantzukizuna eta ardura izatea.

Arrasateko etxez etxeko laguntzako langileak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak