Hona hemen lehiaketako araudiaren xehetasunak:
- Arrasateko EHE, Debagoieneko AEK eta AED elkarteak San Joan jaietako esaldi laburren lehiaketa antolatu dute, Arrasateko Udalarekin elkarlanean.
- Esaldi horren bitartez, antolatzaileen helburua da arrasatearrak San Joanak euskara bizitzera animatzea.
- Aukeratutako esaldia Arrasateko Udalak 2018ko San Joan jaiak girotzeko aterako dituen zapietan erabiliko da. Baita esaldia egokia izanez gero jaiak iragartzeko euskarrietan ere.
- Erabilera hori kontuan hartuta, esaldi laburra eta argia izatea baloratuko da.
- Lehiaketa honetan Arrasaten bizi, ikasi edo lan egiten duen edonork parte har dezake, taldean edo bakarka. Partaide edo talde bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzake.
- Lanak maiatzaren 6a baino lehen bidali behar dira AED elkartera. Bulegora bidali edo eraman daitezke (Pablo Uranga kalea 4-behea) edo e-postaz aed@aedelkartea.eus helbidera bidali.
- Lana aurkezten den orrian ez da egile edo egileen izen-abizenik jarriko. Datu pertsonalak (izen-abizenak, adina, telefonoa) kartazal itxi batean sartuta aurkeztuko dira eta kartazal hori, proposaturiko esaldiarekin batera, beste kartazal handiago batean.
- Esaldiak e-postaz bidaliz gero, mezu bakar batean baina bi fitxategitan bereizirik bidaliko dira. Hau da, fitxategi batean proposaturiko esaldia edo esaldiak eta beste batean egile edo egileen datuak.
- Epaimahaia Arrasateko EHE, Debagoieneko AEK, AED elkartea eta Arrasateko Udaleko kideek osatuko dute.
- Epaia maiatzaren 10erako jakinaraziko da, tokiko hedabideen eta sare-sozialen bidez.
- Saria 100 € izango da.
- Saria eman gabe gera daiteke, epaimahaikoek horrela erabakiz gero.