Julen Larruzea larrabetzuarra eta Ane Zabala arrasatearra garaile Arrasate-Udalatx lasterketan

Mirari Altube Arrese 2018ko api. 15a, 16:03

Julen Larruzeak beste maila batean dagoela erakutsi du eta ez du aurkaririk izan gaur goizean jokatutako laugarren Arrasate-Udalatx mendi lasterketan (01:47:39). Haren atzetik sartu dira Aritz Kortabarria arrasatearra eta Jokin Garai oñatiarra. Emakumeen artean Ane Zabala arrasatearrak egin du denborarik onena (02:23:58); ondoren, sartu dira Ainhoa Lendinez elgoibartarra eta Isa Casado arrasatearra.

Izena emandako 350 lagunetik 330 elkartu dira irteera puntuan, eta gogotsu ekin diote lasterketari guztiek. Uste baino lokatz gutxiago topatu dute ibilbidean, eta ondorioz, gustura jardun dute lasterka gehienek. Julen Larruzeak hasieratik hartu du aurrean, eta Udalan, Besaiden, zein Udalatx gailurrean elkartutako ikusleek "hegan" pasatu dela adierazi dute. Aurretik, sekula egon barik zegoen Larruzea baina astean ibilbidea ezagutzera etorri zen: "Ostegunean etorri nintzen ibilbidea ezagutu eta estrategia zehazteko. Orduan, gaur baino okerrago zegoen, eta puntu arriskutsu batzuk ikusi nituen. Gaur askoz hobeto zegoen eta topera joan naiz", zioen bukaeran.

Haren atzetik lehian jardun dute Kortabarria arrasatearrak eta Garai oñatiarrak, eta helmugan, gehiago izan da arrasatearra.

Emakumezkoen artean, ostera, Zabala arrasatearraren eta Lendinez elgoibartarren artean egon da lehia. Udalatxerako igoeran gehiago izan da Lendinez, kilometro bertikalak egiten eskarmentu handia baitu, baina beherantz korrika Zabalak ihes egin die. Lesio batetik ondo sendatu barik egon arren samur irabazi du arrasatearrak. Bi horien atzetik sartu da Casado.

Lasterkariak zein antolatzaileak pozik

Lasterkariak pozik agertu dira ibilbidea uste baino hobeto (lokatz gutxiagorekin) topatu dutelako eta eguraldiak lagun egin dielako, baita ibilbide guztian izan den paregabeko giroagatik ere. Ezbehartxoren bat edo beste egon da; Josu Fernandez lasterkariak min hartu du sorbaldan eta helikopteroan eraman behar izan dute Debagoieneko ospitalera, eta beste pare batek hanka bihurritu dute.

Antolatzaileak, Mondraitz elkarteko kideak, ere pozik ziren bukaeran, hilabeteetako lanaren emaitza "bikaina" izan delako beste behin. Datorren urtean bosgarrena jokatuko da, eta ordurako nobedadeak iragarri dituzte.

Hemen sailkapeneko lehen hamarrak:

Julen Larruzea Larrabetzu 01:47:39
 Aritz Kortabarria  Arrasate 01:55:03
 Jokin Garai  Oñati 01:55:22
 Mikel Zubiria  Aretxabaleta 02:05:49
 Igor Olalde  Aretxabaleta 02:06:14
 Ander Nafarrate  Arrasate 02:06:23
 Ander Garitagoitia  Mallabia  02:06:52
 Mikel Zabalegi  Ordizia 02:07:26
 Inaxio Santxez  Gasteiz 02:07:31
 Javier Irazabal  Elorrio

02:07:59

Ane Zabala Arrasate 02:23:58
Ainhoa Lendinez Elgoibar 02:25:56
Isa Casado Arrasate 02:30:35
Onditz Iturbe Igorre 02:33:40
Elena Frechilla Sondika 02:37:32
Ainara Uribarri Oñati 02:39:23
Miren Apraiz Arrasate 02:42:15
Maite Zabaleta Aretxabaleta 02:48:55
Oihana Aragones Aretxabaleta 02:53:39
Ihintz Bengoa Arrasate 02:55:31

 

Eta osorik sailkapena hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak