Altsasuko gazteen aldeko manifestazioa egin den egunean horiek izan dituzte gogoan AGAKOko kideek ere, eta Udaletxera egindako mendi bueltan talde argazkia atera dute haiei elkartasuna adierazteko. "Hamabost bat lagun joan gara, eta bide batez, biharko mendi lasterketako anoa-posturako materiala eraman dugu", adierazi du Inesa Ugalde kideak.
Bazkaltzeko, ostera, gehiago elkartu dira, 80 inguru. "Hainbat adinetakoak jarri gara mahaiaren bueltan, gaztetxoak zein helduak, eta giro polita izan dugu", dio Ugaldek, eta gaineratu du: "Esan, jan duguna bertan erositakoa izan dela, baserritarrei eta ingurukoei, eta gero geuk kozinatu dugu". Bazkalostea girotzeko, ostera, kontzertu akustikoa izan dute. Gaztetxeko Altutik! bertso eskolako kideek bertsoa gertatu dute 27. urteurren honen harira eta hori ere abestu dute.
Iluntze partean karro-poteoa egin dute, eta jaia bukatzeko kontzertuak izango dira gaztetxean bertan; bertako zein inguruko hainbat talde elkartuko dira.