Bigarrenez antolatu du Red Dragons motor taldeak elkartasun festa. Musika, erakustaldia, irteera, bazkaria eta herritarren artean ikusmina sortu duen istripu simulazioa izan dira festaren oinarri. Ekintza ugariz gozatzeko aukera izan dute beraz motor zaleek Laubide plazan. Erreportaje berezia, astelehenean, Hemen Debagoiena saioan izango duzue ikusgai.
"Auto baten eta moto gidari baten arteko talka islatu gura izan dugu. Helburua herritarrak kontzientziatzea izan da", azaldu du Iban Marquez elkarteko presidente ordeak.
Aurtengo omendua, aldiz, Ander Landaluze motor zalea izan da. Landaluzek 30 urteko ibilbidea dauka motor gainean. Hunkituta jaso du oroigarria. Landaluzek, Juan Jose Arregi eta Oliver lagunek irakatsitakoa ekarri gura izan du gogora. Eurei eskaini die oroigarria.